Barakaldoko Udalak Tellaetxe parkearen ondoko eremuan hondakinen ondorioz sortutako gasak desagerrarazteko proiektua abiatu du. 1980ko hamarkadara arte eraikuntzan erabilitako materialen soberakinak uzten ziren bertan, baita industriako eta hiriko hondakin solidoak ere.
Zaborra eremu horretan pilatu izanaren ondorioz sortutako gasak atmosferara irtenaraztea du helburu udalak, Ana Belen Quijada Diziplina Urbanistiko, Ingurumen, Osasun eta Kontsumo zinegotziak jakinarazi duenez. Horretarako, tximinia batzuk jarriko dituzte Siebeko futbol zelaien ondoan.
Gurutzeta eta Gorostiza inguruko herritarrek lanon berri izan dezaten kartel batzuk jarriko dituztela jakinarazi dute. Obretako eremura ez gerturatzeko gomendioaz gain, handik gertu dagoen Olabarrieta errekan bainurik ez hartzeko eta arrantzarik ez egiteko aholkuak ere eman dituzte.
Lehen etapa horren ostean, beste bi aurreikusi ditu udalak gasa lurretik atera eta atmosferara bidaltzeko. Hasteko, parkeko iparraldeko eta hegoaldeko hegaletako lurraren kalitatea aztertzeko ikerketarekin jarraitzeko asmoa iragarri dute. Gero, ingurua leheneratzeko plan integral bat osatuko dute. Osotara, lanek lau hilabete iraungo dute, eta 360.000 euroko kostua izango dute.
Ikerketa Lemoan
Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da ea Lemoako harrobian baimendu gabeko hondakin isurketarik egin ote zen. Hain zuzen ere, urtebete eta erdian —2012ko urtearen hasierara bitartean— zabortegian 600.000 tona hondakin irregular utzi zituztela uste du Jaurlaritzak.
Eta, susmo horietatik abiatuta, espediente bat zabaldu du. Bide horretatik, ustezko legez kontrako jarduera hori ikertzen ari dira.
Zortzi zabortegi Galdakaon
Galdakaon, udalak zortzi eremu mugatu ditu zabortegiak jarri ahal izateko. Hain zuzen, betegarriak izan litezkeen zoruei dagozkien plan bat eratu du, eta herriko zortzi eremutan zabortegi bihur litezkeen 147,2 hektarea aurkitu ditu. Plan hori bi hilabetez jarriko dute jendaurrean, herritarrek ikusteko eta kontsultatzeko.
Zabortegiak hartzeko aukera ematen duten eremuak kudeatzeko bide bat ere bada udalarentzat, esan dutenez, “negozio horretako espekulazioa eragozteko”. Erletxen, Artxandan, Artetan eta Lekubason aurkitu dituzte zabortegiak hartzeko aukera ematen duten zortzi eremu horiek.