“Herriaren ingurumen garapenerako, minda planta ezinbestekoa da”

Concha auzoko plaza ikusten du Jose Maria Martin Iparragirrek Karrantzako udaletxeko balkoitik, besterik ez. Handik begiratuta, ezinezkoa zaio Bizkaiko udalerririk handiena osatzen duten 48 auzoak ikustea. Conchan bizi direnak ez dira 400era iristen. Hala, 2.810 karrantzarrak oso sakabanatuta bizi dira. “Auzoen arteko distantziak, urruntasunak, asko zailtzen die karrantzarrei herriguneen arteko hartu-emana eta komunikazioa”, azaldu du Martinek. Bai alkateak berak bai karrantzarrek nabarmentzen dute arazo hori.

Enkarterrialde eskualdeko landa garapenerako elkarteak egindako azterlana ekarri du gogora. Haren arabera, Karrantzako herritar gehienek autoa erabiltzen du edozertarako: bai herri barruan auzo batetik bestera ibiltzeko, bai Karrantzatik kanpora irteteko. Hala, Martinen esanetan, euren lehentasunetako bat horri konponbidea aurkitzea da. “Aspaldidanik gabiltza auzo arteko autobus zerbitzua jarri guran, baina oraindik ez dugu pauso hori eman”, aitortu du. Kanpora begirako mugimenduari dagokionez, autobusa eta trena dituzte Karrantzan, baina maiztasunak ez dira erabiltzaileek nahi eta behar bestekoak. “Hainbat bilera egin ditugu eskualdeko gainerako udalekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin Enkarterriko beste gune batzuetara eta Bilbora joateko zuzeneko garraioa lortu ahal izateko”. Oraindik, baina, ez dute emaitzarik lortu.

Martinek dio Karrantzako Udala diru aldetik ez dabilela onenean, eta hori traba handia da halako arazoei konponbidea ematerako orduan. “Hedaduraz herri handia izateak gastu asko dakar, baina, era berean, diru sarrerak gero eta txikiagoak dira. Ez gaude esku artean ditugun proiektu guztiei erantzuteko moduan”. Orain arte hainbat proiektu egitea lortu dute, baina diru laguntzei esker izan da. Hala, aurrera begira, premia handiena dutenak baino ez dituzte martxan jarriko. Adibidez, argiteria publikoan energia aurrezteko aldaketak egingo dituzte, eta Ambasaguasen erabilera askotarako pilotaleku bat eraikiko dute. Ambasaguas eta La Tejera arteko errepidean espaloiak jartzeko akordio bat ere sinatu dute foru aldundiarekin.

Hala ere, krisiaz gain, badute beste zailtasun bat: EAJ gutxiengoan ari da gobernatzen Karrantzako Udalean. Alkateak aitortu du akordioak lortzeko zailtasunak dituztela. Horren ondorio da, adibidez, San Esteban auzoan edateko ura tratatzeko plantari gertatu zaiona. Udalean ordezkaritza duten alderdiak ez dira ados jarri, eta oraindik proiektuak ez du udal baimenik lortu: “Udal gobernuaren asmoa oniritzia ematea da, baina ez dugu oposizioaren babesik lortu”.

Ur sistemaren harira, Martinek dio garai batean edateko urarekin herriak zituen arazoak aspaldi konpondu zirela. Gaur egun ur zikinen sareari dagozkion azpiegitura batzuk falta zaizkie sarea osatzeko; besteak beste, foru aldundiak eraiki behar duen araztegia.

Krisiak, baina, ez dio bakarrik udalari eragiten. Herritarrek ere sufritzen dute. Karrantzako ekonomiaren akuilu nagusia abeltzaintza da. Sektorean dagoen enpleguari eustea eta gehiago sortzea da alkatearen lehentasunetako bat. “Gure ekonomiaren oinarria dira abeltzainak, baina baita krisiaren ondorioak gehien sufritzen dituztenak ere. Laguntzeko modua aurkitu behar dugu”. Alkateak dio azken urteetan inbertsio handiak egin behar izan dituztela, garai berrietara egokitzeko eta azpiegiturak modernizatzeko. Orain, ordea, testuinguru ekonomikoak galerak sortzen dizkie eta asko izan dira ateak itxi behar izan dituzten ustiategiak.

Abeltzaintzari lotuta, hainbeste behik sortzen duen mindarekin zer egin erabaki ezinik ibili dira urte askoan. Sarri errekara botatzen zuten, eta ura kutsatzen zuten. Azkenean, energia sortzeko planta bat eraikitzea bururatu zitzaien. Administrazioen arteko gatazkak tarteko, Eusko Jaurlaritzak ez dela errentagarria erabaki eta finantzaketa kendu zion iaz —irregulartasunak ere salatu zituen—. Gaur egun, geldituta dago. “Berriro martxan jartzeko lanean ari gara udalean. Karrantzarentzat proiektu estrategikoa da, bai sozioekonomiari, bai ingurumenari dagokienez”.