Urdulizko herritarrak kexu dira, uste baitute agintariek ez dutela bete agindutakoa. Haserre daude herrian lanik gabe dauden bizilagunak. Hori dela eta, kalera atera dira, “prekarietatea salatzeko eta lanpostu duin bat izateko eskubidea” aldarrikatzeko.
Atzo arratsaldean egin zuten manifestazioa, Iraupen langabeen elkarteak deituta. Esan dutenez, Urdulizko ospitalea eraikiko zela jakin zutenean, administrazio bateko eta besteko arduradunek iragarri zieten lanpostuak sortuko zirela herrian. Horrelakorik, ordea, ez dela gertatu salatu zuten atzoko protestaren bidez.
Hain zuzen, prentsa ohar bidez adierazi dutenez, esan zieten “dozenaka lanpostu” sortuko zirela, “zuzenak eta zeharkakoak”, ospitalea egiteko lanetarako eta, obrak bukatu ondoren, zentroa martxan hasi osterako. Salatu dutenez, ordea, “gaur arte herriko langabeak kontratatzeko eskean ibili ondoren, bi lagunentzako lana soilik lortu da”.
Horrez gain, salatu dute herriko enpresak ere “beste herrialde batzuetako enpresak azpikontratatzen” ari direla, bertako langileak hartu ordez. Behargin horiek “oso baldintza ezegonkorretan” dituztela diote, gainera. Kontratazio horien helburua “enpresa kontratatzaileek etekin handigoak lortzea” dela deritzote.
Guztien onuraren bila
Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Osakidetzari eskatu diete Urdulizko herritarrekin hitz egiteko gai horri buruz. Egoera hori “konpondu” egin behar dela uste dute, eta “enpresen etekina bilatu ordez guztien onura bilatu” behar dela. Salatzen duten egoeraren erruduntzat, gainera, “enpresa horiek kontratatzen dituzten erakundeak” jo dituzte.
Bide beretik, aurrekontu sozialen alorrean azkenaldian iragartzen eta egiten ari diren murrizketak salatu dituzte. “Langabeak egoera honen errudun ez izan arren, gure eskubideak gero eta gehiago murrizten dituzte”, esan dute, langabezia sariaren murrizketari aipamen eginez.
Udalak babesa agertu die Urdulizko langabeen elkarteko kideen aldarrikapenei. Dena den, Jabier Bilbao alkateak azaldu du eurek ezin dezaketela ezer egin alor horretan. Ospitalearen kasuari aipamen eginez, “Osakidetzaren ardura dela” esan du.