Itsas inguruaren osasuna eta gizakiengan duen eragina aztertzen hasi dira Plentzian

Itsasoko eremuaren osasuna eta horrek gizakien ongizatean izan dezakeen eragina aztertzea helburu duen zentroa martxan dago jada. Hain zuzen, joan den martitzenean inauguratu zuten Plentziako Itsas Ikerketarako Estazioa. Martxan da EHUko ikerketa eta hezkuntzarako zentroa.

“Abangoardia, ezagutza eta aberastasuna dira estazioaren oinarriak”, laburbildu zuen Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurumen diputatuak, aurkezpenean. Ikerketara ez ezik, irakaskuntzara ere bideratuko dute zentroa.

Hain zuzen, Plentziako Itsas Ikerketarako Estazioaren helburua da, batetik, ingurumen zientziak eta arlo horri buruzko hezkuntza bultzatu eta horien oinarri izatea; bestetik, biologia eta bioteknologia arloen ikerketa sustatzea.

Itsas estazioan, hainbat espezie ikertuko dituzte. Besteak beste, esperimentazio laborategi batzuk ditu. Horietan, beste gauza batzuen artean, ingurumen bioespezimenen bankuaren proiektu aitzindaria dago: muskuilu, ostra, korrokoi, antxoa, legatz, oilar eta aingira espezien lagin biologikoak hartzen dituzte. Horiek aztertuta, ebatziko dute zer eragin duen kutsadurak uretako ekosisteman. Horrez gain, segurtasun biologikorako gela bat ere badago instalazioetan, esperimentuak egiteko uretako espezieen patologien alorrean.

Orduko 12.000 litro itsasoko ur isurtzeko modua ematen duten instalazio batzuk ere prestatu dituzte. Horri esker, bermatuta daukate proba eta esperimentuak itsasoan bertan dauden baldintza berdinetan egiten dituztela.

Hezkuntza alorrari dagokionez, graduondoko ikastaroak emango ditu bertan Euskal Herriko Unibertsitateak. Horrez gain, zientzia dibulgazioko jarduerak antolatuko dituzte, baita adituak, goi teknikariak eta etengabeko prestakuntzan trebatzeko berariazko jarduerak ere.

Masterrak eta doktoretzak ere egingo dituzte Plentziako Itsas Estazioan. Berehala ekingo diote lan horri, gainera. Izan ere, lehenengoa datorren ikasturteko bigarren lauhilekoan hasiko dute.

Hogei zientzialari eta 30 doktoregai inguru ariko dira zentroan lanean. Nazioarteko zientzialari ospetsuak erakartzea ere badute helburu.