Erraldoitxo eta rabiak, bidean galdutako pertsonaiak

XVII. mendetik aurrera, Bilboko jai erlijiosoetako prozesioetan erraldoitxo eta rabi izeneko pertsonaiek parte hartzen zuten. Erraldoitxoek erraldoien antzeko itxura zuten, baina ez ziren hain altuak, ez zutelako armazoirik. Rabiek, berriz, aurpegia maskara batez estalita zeramaten, eta buruan burukoak edo turbanak janzten zituzten. Konpartsako gainontzeko kideei bidea irekitzen zieten, segizioa ikusten zeudenak maskuriekin joz eta irina jaurtiz. Denboraren poderioz, bi pertsonaia mota horien itxura eta kopurua aldatuz joan zen; hala ere, garapen horren inguruko datuak urriak dira. Azkenik, XIX. mendean erraldoitxo eta rabien ezaugarriak bateratu, eta buruhandi bilakatu ziren.