Consumer aldizkariak ibiltzeko erraztasunaren inguruko azterlana egin du Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ibilbide bat egin dute oinez, hiri barruko autobusetan bidaiatu dute eta igerilekua duten kiroldegietan izan dira. Hiru proba horietan jarritako emaitzak batuta, azken postuan geratu da Bizkaiko hiriburua. Ibiltzeko erraztasunari dagokionez, “hala-holako” hiria dela ondorioztatu du aldizkariak. Sei urtetik gorako herritarren artean, mugikortasunarekin zerikusia duten ezintasunak ikertu dituzte. Batez beste, herritarren %6k dute halako elbarritasunen bat. Hala, horiek dituzten zailtasunak bertatik bertara ezagutzeko, Blas de Otero, Iruñea eta Morgan kaleetan eta Botikazar erriberan ibili dira; Bilbobusen A-4 linea hartu dute —Zorrotzaurre eta Deustua artekoa—; eta Deustuko udal kiroldegian izan dira. Oinezko ibilbideari ona emaitza jarri diote, autobus bidaiari onargarria, eta, igerilekuaren kasuan, gurpil aulkian joan zen elbarria ezin izan zen sartu, egokitu bako kiroldegia delako.
Autobus geltokian zuhaitz batek eragotzi zien geltokirako sarrera. Informazioa emateko seinaleak eta panelak goregi jarrita zeuden: gurpil aulkitik ezin ziren irakurri. Autobusera igotzeko plataforma trabatuta geratu zitzaien, eta barruan, igarobidea estua zenez, aulkia ezin izan zen txartel makinara hurbildu. Oinez, baldosa solteak aurkitu zituzten.