Utxineko azken lamina

Utxineko azken lamina

Peru Azpillaga Diez

Hainbat dira Euskal Herrian zabalduta dauden kondaira eta istorioak. Horietako asko denboraren zurrunbilo sakonean galdurik daude. Beste askok, ordea, gaur egunera arte iraun dute, ahoz aho belaunaldi batetik bestera igaro ostean; euskal kulturaren parte bilakatu dira hala.

Hamaika kondaira mantentzen dira egun bizirik, eta gehienek toki zehatzei egiten diete erreferentzia; bertan bizi ziren izaki mitologikoek herritarrekin izaten zituzten istorio eta pasadizoak biltzen dituzte. Ahozkotasunak mantendu ditu bizirik, eta, horren ondorioz, esan daiteke, atzean istorio bera gorde arren, zaila dela bi kondaira berdin topatzea.

Horren adibide garbia da Utxineko laminen eta Uda ehiztariaren arteko istorioa. Sail honetan jada azaldu da Bermeo eta Matxitxako aldean dagoen aintzira misteriotsu horren atzean ezkutatzen den kondairetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, gertaera bakar batek hainbat interpretazio izan ditzake. Hurrengo kondaira horren adibide da: posiblea al da pertsonen eta laminen arteko elkarbizitza?

Gaztelugatxe eta Matxitxako lurmuturraren inguruan dago Utxin aintzira. Benetan aintzira berezia da, bertara ez baita ez ibairik ez ur isuririk iristen. Bermeo eta inguruetako herritarrek diotenez, han lamina batzuk bizi ziren aspaldi. Kondairaren arabera, behin, Uda izeneko ehiztari gazte batek, etxera gauez itzultzen ari zela, forma arraro batzuk ikusi zituen aintziratik gertu. Hurbildu, eta, ehiztari bistaz, ohartu zen emakume batzuk zirela.

Orduan, are gehiago hurbiltzea erabaki zuen. Azkar eta kontu handiz hurreratu zen, eta, arroka batzuen atzetik, hainbat emakume ikusi zituen, inoiz ikusitako ederrenak, isiltasunean dantzan: putzuaren inguruan saltoka, ia hegan. Gaztea zenez, gehiago hurreratzen saiatu zen, baina emakumeetako batek ikusi, eta, berehala, uretan ezkutatu ziren. Uda txundituta geratu zen, ikusitakoa ezin sinetsirik eta emakumeen edertasunak liluratuta.

Etxera itzultzean, Bioltzari kontatu zion gertatutakoa. Uda umezurtza zen txikitatik, eta Bioltzak semea balitz bezala hezi zuen. Horregatik, gertatutakoaren berri izatean, bihotza erdibitu zitzaion. Bioltzak aitortu zion bera ere lamina izandakoa zela, gazte batekin maitemindu eta Utxinetik kanporatu zuten arte. Orduan, lepoko bat oparitu zion Udari, bere lamina topatu ahal izateko, eta bertan idatzita zegoen profeziaren berri eman zion, Udaren bizitzaren profezia, hain zuzen ere: “Neska laguntzat aukeratuko duzun emakumeak ez zaitu oso-osoan zoriontsu egingo; bai bata eta bai bestea egunen batean Utxinen hilko zarete”. Lepokoak, gainera, ikusezin bihurtzeko ahalmena ematen zuen.

Goizean goiz, Utxinerantz abiatu zen Uda, eta, bidean zegoela, bat-batean, ipotx batekin egin zuen topo. Hark Bioltzak emandako lepokoari buruz hitz egin zion, eta baita bertan idatzitako profeziaren inguruan. “Laminak aurkitu nahi badituzu, bota armak eta jarraitu niri; bestela, lepokoaren berri emango diet”, mehatxatu zuen ipotxak. Udak, haserre, eraso egin zion, baina ez zuen min ematerik lortu. Azkenik, ipotxari kasu egitea erabaki zuen, eta ezezaguna zuen bide batetik jarraika hasi zitzaion.

Kobazulo batera heldu ziren, eta, ipotxari segika, barruan sartu zen. Kobazuloan dena ilun zegoen. Ipotx mordoa ageri ziren alboetan, haiei begira, eta, halako batean, segika zebilen ipotxa bistatik galdu zuen Udak. Orduan, ate batekin egin zuen topo; atea ireki, eta lamina bat topatu zuen. Lamina aurreko egunean putzuan ikusitako bera zen, Uda ikusitakoan ezkutatu zena, haren irudia burutik kendu ezinik zebilen hura.

Laminak esan zion berarekin ihes egin nahi zuela, baina adierazi zion horretarako bidetik aurkituko zituzten arriskuei aurre egiteko prest egon behar zuela. Udak ez zuen dudarik egin, baina, ihes egiten hasi zirenean, segika ari zitzaizkiela entzun, eta laminak konortea galdu zuen. Orduan, Udak, lepokoa baliatu, eta ikusezin bihurtu zituen biak. Ostera, isilpeka, kobazulotik atera eta etxera abiatu zen arrapaladan.

Etxera heltzerakoan, atea jo zuen, baina inork ez zion ireki. Orduan, kolpeka ireki, eta lamina ohe gainean utzi zuen. Ur bila atera zen segituan. Ura hartzen ari zela, asperen bat entzun zuen, eta Bioltza ikusi zuen, baina ez zen benetako Bioltza; itzal bat zen, eta, hurbildu zenean, desagertu zen. Etxera itzuli, eta lamina esnatu zuen. Hark esan zion Udari Itziar zuela izena, eta, gainera, azaldu zion Bioltza ezagutzen zuela: “Hark hezi ninduen noizbait zure emaztea izateko, eta orain putzura itzuli da”. Gehiegi izan zen Udarentzat, eta negar bizian hasi zen. Hainbat galdera bota zizkion laminari baina hark ez zion erantzun, profezia baitzegoen jokoan eta sekretua gorde behar baitzuen. Hori bai, lehenbailehen ezkondu behar zutela ohartarazi zuen.

Bi gazteak ezkondu egin ziren, baina inork ez dakit zehazki noiz eta non. Gaztelu eder bat eraiki zuten Utxinetik gertu, eta han bizi ziren. Oso zoriontsuak omen ziren, eta jendea hara joaten zen inguruko toki guztietatik. Egun batean, baina, ekaitz bat heldu, eta zoriontasuna eraman zuen. Tximista eta olatu erraldoiak sortu ziren, eta, hurrengo egunean, herrikoak hurbildu zirenean nola zeuden ikustera, gaztelua desagertua zela ikusi zuten; horren ordez, aintzira bat zegoen.