Igor Elordui Etxebarria
Behin irakurri nuen agur berba, segurutik, latinezko augurium-etik datorrela (seinale, zantzu, iragarpen…), eta, horrexegatik, norbaiti agur esatean, agur ematean, euskaldunok zorterik onena opatzen diogula agur egiten diogun horri.
Ederra da agur berba. Eta garrantzitsua. Garrantzitsua da agur esaten eta agur ematen jakitea. Zeren eta bizitza joan-etorri bat da. Egia da, azkenean, denok joango garela mundutik betiko, baina, artean, joan-etorri horretan, tokatzen zaigu, batzuetan halabeharrez, beste batzuetan hala erabakita, joatea ala geratzea. Sinbolikoki ere ari naiz, ez soilik fisikoki. Bizitza, mundua, unean-unean, joaten direnen eta geratzen direnen artean banatuta dago. Bikote harreman bat apurtzen denean, badago etxetik joaten dena eta badago geratzen dena. Berdin neba-arreben artean, zer esanik ez aspaldian, baserrian denentzako nahikorik ez zegoen garaietan. Gerra sasoian ere, joaten direnak eta geratzen direnak daude. Etxetik kanpora ikastera doazen ikasleak eta etxean geratzen diren ikasleak. Joaten diren lagunak eta geratzen diren lagunak. Lanera kanpora doazen lagunak, senideak… eta geratzen direnak. Beste lan batera joaten diren lankideak eta geratzen direnak, taldea uzten duten futbolariak eta geratzen direnak. Konpartsa, kuadrilla edo dena delakoa uzten duten kideak eta geratzen direnak… Eta horrela, ad infinitum. Doana, askotan, errezeloz joaten da, ondo egiten duen ala ez, damutuko den beldur, itzuli ahal izango ote den. Geratzen dena, ostera, zalantzan geratzen da sarri, berak ere joan beharko lukeen susmoak eragiten dion egonezinaz. Eta nahiz eta bizitzan zehar joatea zein geratzea, bietatik egokituko zaigun, uste dut pertsona batzuk gehiago direla joatekoak eta beste batzuk geratzekoak. Ni, uste dut, gehiago naiz geratzekoa, baina auskalo.
Hori burutazioa eduki dut, Nerea (Ibarzabal), zure agurraren harira.
Lau urtez, autobus-geltoki berean, bata jaitsi bestea igo, kointziditzen duten bi bidaiari izan gara; metroko bagoi berean, karrajuaren alde banatan, jesartzen diren bi pasaiari, elkarri zeharka begiratzen diotenak leihoaren isla baliatuz. Finean, lau urtez, elkarren ondoan dauden, baina sekula ukitzen ez diren, bi zutabe izan gara. Ez gara sekula aurrez aurre elkarrekin egon (bertsozalea ere ez naiz, nire tokaio Elortzarekin adiskidetasuna, izena eta kasik abizena konpartitu arren). Ez dakit nolako ahotsa duzun, nola egiten duzun berba, nola begiratzen duzun, nola mugitzen dituzun eskuak… baina, irakurriaren irakurriaz, apur bat ezagutzen zaitudala uste dut, eta atsegin dut apur-asko hori. Zorterik onena opatu ez eze, auguriuma, alegia, iragarpena, aldeko izango duzula seguru nago. Eta, bide batez, aitortuko dizut asko gustatu zaidala zure “bizija kontateko” modua ere. Agur, beraz, Nerea, baina adiorik ez. Ni, momentuz, hemen geratzen naiz.