Ongizatea, ikerketa zientifikoa eta sarraskien biktimak. Hiru arlo horiek izan ditu gogoan foru aldundiak aurten Bizkaitar Argiak sariak emateko orduan.
Hain zuzen, adimen urritasuna duten pertsonen eskubideen alde egindako lanagatik, Gorabide irabazi asmorik gabeko elkartea saritu dute, batetik. Bestetik, Felix Goñi Urzelai Medikuntza eta Kirurgian doktore, EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradun eta unibertsitate horretako Biofisika Unitateko zuzendariari eman diote saria. Irakaskuntzan eta ikerketan egindako “ibilbide luze eta bikaina” saritu nahi izan dio foru aldundiak. Azkenik, 1936ko gerrako biktima zibilei ere eman diete Bizkaitar Argiak saria, bonbardaketek eragindako txikizioa eta biktima zibil horiek jasan zutena inoiz ahatz ez dadin eta era horretako gertaerarik berriz ere gerta ez dadin aldarrikatzeko. Halaber, 1936ko gerran Bizkaiko herrietan izandako bonbardaketetan biktima izan ziren ume, gizon eta emakume errugabeei ere omenaldia egin nahi izan diete.
Eguazten eguerdian egin zuten sariok emateko ekitaldia. Bizkaitar Argiak sariaren dominen bitartez edozein gizarte jardueratan beraien jokabide, zerbitzu eta jokaeragatik Bizkaia eta haren balioak sustatzen lagundu duten pertsona fisiko edo juridiko, entitate edo herritarren taldeak omentzen ditu foru aldundiak.
Zerbitzua gizarteari
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren esanetan, dena den, “pertsona eta kolektibo horien ezaugarririk garrantzitsuena benetan Bizkaiko gizarteari modu batean edo bestean ematen dioten zerbitzua da”. Gorabideren kasuan, “adimen urritasuna duten pertsonen autonomia sustatuz eta haien duintasuna babestuz”; Felix Goñiri dagokionez, “giza jakintza handituz eta aberastuz”; bonbardaketaren biktima zibilei dagokienez, “gizarte batean inoiz gertatu behar ez litzatekeenaren lekuko eta oroitzapen gisa”.
Batzuek eta besteek hitzaldietarako hartutako tartea bukatu ostean, familia argazkia atera eta ohorezko aurreskua dantzatu zieten. Foru jauregiko harrera aretoko agertokira, bada, Bizkaitar Argiak dominak jaso zituztenak igo ziren: Gorabide elkartearen izenean, Hugo Baroja bertako presidentea; gerrako biktima zibilen kasuan, gerra garaian bonbardaketak izan zituzten Bizkaiko 37 udalerrien izenean, Durangoko alkate Aitziber Irigoras eta Gernika-Lumoko zinegotzi Maria Uribe; bestalde, Felix Goñi Urzelaik berak hartu zuen domina. Omendu guztiek domina jasotzearekin “harro” zeudela azaldu zuten.
Jose Luis Bilbaoren esanetan, pertsona eta talde horiek Bizkaiarentzat “balio handikoak izan dira, eta gaur egun ere badira” eta “guztiontzat eredu dira”. Gorabide elkarteari dagokionez, azken 50 urteetan adimen urritasuna duten pertsonen bizitza hobetzeko etengabeko arreta pertsonalizatu, integral eta kalitatezkoan erreferente bat dela deritzo. Goñi Urzelairi emandako sariak, bestalde, “ikerkuntzarako krisi eta zailtasun egoera honetan garapen zientifikoaren aldeko apustua erakusten du, eta baita foru aldundiaren ezagutza”.
Alor ekonomikoari zein sozialari dagokionez, “sasoi latzak” direla adierazi zuen Bilbaok. “Ezartzen eta iragartzen ari diren eta gu guztioi kalte egingo diguten murrizketa askorekin” ez dagoela ados esan zuen. Besteak beste, mendekotasunaren alorrak sortzen duen gastuan “egin den sakrifizioa edo ikerkuntza zientifikoaren inbertsioan egin den murrizketa” aipatu zituen.