“Inbertsioen itzulera tasa gero eta handiagoa izatea lortu dugu”

2008an abian jarri zenetik, milaka bisitarik ezagutu dute Madariaga dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroa. Ihobeko zuzendari Fernando Barrenetxea “pozik” agertu da zentroak lortutako “arrakasta” dela eta.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroak izandako bisitari kopuruaren inguruko balorazio egin du Ihobek. Zuen aurreikuspenak bete al dira?

Datuak oso onak dira, bai alde ekonomikotik bai alde sozialetik begiratuta. Izan ere, Urdaibaiko eskualde osoarentzako eragile ekonomiko garrantzitsua izatea lortu du Biodibertsitate Zentroak.

Biosfera Erreserba Euskadin parekorik ez duen ingurune naturala da. Hortaz, zentroaren bitartez, erreserbaren ezagupena Euskadin, estatuan eta Europan hedatzeko lanean laguntzeko gai izatea arrakasta handia izan da. Horiek dira izan dira bi jarduera arrakastatsu nagusiak.

Gainera, denok ezagutzen dugun krisialdi ekonomikoaren testuinguruan egin dugu hori. Inbertsioak gutxitzen ari dira, baina inbertsioen itzulera tasa gero eta handiagoa izatea lortu dugu. Lehen, inbertitzen zen euro bakoitzeko 1,7 itzultzen baziren, orain tasa hori 2,7ra igotzea lortu dugu, eta etorkizunean hobetzen jarraitzea espero dugu.

Inbertsio publikoen itzulera maila zein den aztertzea garrantzitsua da, eta ez krisian gaudelako bakarrik. Ihoben diru publikoa erabiltzen dugula badakigu, horretaz jabetzen gara, eta analisi hori egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Oso pozik gelditu gara, baina bi erronka identifikatu ditugu. Euskadiko herritar guztiengana heltzea nahiko genuke. Biodibertsitate Zentroa ez da soilik bizkaitarrentzat; euskal herritar guztientzat, estatuko pertsonentzat eta europarrentzat ere bada.

Hortaz, zentrora jotzen duten pertsona gehienak bizkaitarrak dira. Hurbiltasun geografikoa faktore erabakigarria al da?

Bisitari asko bizkaitarrak dira, zentroaren eskola programaren barruan dauden ikastetxe gehienak Bizkaikoak direlako. Hortaz, Gipuzkoako eta Arabako ikastetxe gehiago programan sartu daitezen saiatzen ari gara. Errazagoa da hona etortzea 25 kilometrora egonda, 80 kilometrora egonda baino. Ikastetxeekin lanean ari gara, etor daitezen errazteko modua bilatu nahian. Gero, bioaniztasunarekin lotutako beste museo batzuekin elkarlanean aritzeko akordioak sinatzen ari gara, esaterako, Donostiako Kristinaenearekin eta Bilboko Itsas Museoarekin. Hala, biodibertsitatearen zentro honetan bi museo horien berri ematen dugu, eta haiek guri buruzko informazioa eskaintzen dute. Duela gutxi bioaniztasunaren aldeko estropada bat egin genuen: Itsas Museotik irten zen, eta hemen bukatu. Elkarlana lortu nahi dugu, publizitate zuzena egitea antzua dela uste dugulako. Badakigu ahoz aho zabaltzen den informazioa dela bisitari kopurua handitzeko faktorerik garrantzitsuena. Biodibersika moduko kontzertuen bitartez ere efektu hori lortzen saiatzen gara.

Bestalde, Hegaluze enpresarekin eta Ambar itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkartearekin batera, itasosontziz zetazeoak ikuskatzeko txangoak eskaintzen diezue bisitariei. Zeintzuk dira Bizkaiko golkoan ohikoenak diren espezieak?

Gehien ikusten direnak izurde muturmotzak dira, baina arruntak eta marradunak ere askotan ikusten dira. Ugaztun handiagoen artean, Cuvier moko balea bizi den eremu bat identifikatu dugu kostatik ez oso urrun. Guztira, hamar zetazeo espezie ikus daitezke.