Gorbeia
Urtzahar eta Urteberri egunetan bezala, San Ignazio egunean ere hainbat eta hainbat herritarrek Gorbeiara igotzeko ohitura dute. Bereziki, Arratialdean eta parke naturalaren inguruko herrietan gertatzen da hori.
Beraz, datorren asteartean ere ohiturari ekingo diote mendigoizale askok. Ez da ibilbide oso luzea egin behar, Pagomakurretik Gorbeiako gurutzera iristeko: hamabi kilometro dira.
Gorbeian bizitza galdu duten artzain eta mendigoizaleak gogoan izateko egun berezia ere izango da asteartekoa. Horretarako, meza egiten dute, Bizkaiko mezarik garaiena, hain justu: 1.150 metroraegingo dute, Edurretako Ama Birjinaren ermitan.
Erlijioaz gain ere, mendira egunaz gozatzera doazen asko eta asko ibiliko dira Gorbeia inguruan egun horretan. Familia giroan, kuadrillan, jubilatuen taldean… Denetarikoak ikusiko dira, urtero legez.
Eta aurreko urteetan egin zuen bezala, Gorbeia ingurua autoz eta kutsaduraz bete ez dadin, Bizkaiko Foru Aldundiak, aurten ere, autobus zerbitzua jarriko du, doan, Areatzatik Pagomakurrera arteko bidea egiteko: Gorbeibus izena ere jarria diote inguruetan.
Autoak uzteko doako bost aparkaleku jarriko dituzte Areatzan. Herrigunean daude leku horiek. Aparkaleku horietatik oso hurbil dago Gorbeibus zerbitzuaren irteera. Gorbeiako aparkalekuak itxi egingo dituztela iragarri du aldundiak, gainera, segurtasun arrazoiak direla tarteko.
Neurria ez da aukerazkoa. Izan ere, oinez edota autobus zerbitzu horren bitartez soilik igo ahal izango dute hala nahi dutenek Pagomakurreraino. Hain zuzen, txabolak edota aterpeak inguru horretan dituztenek ere ezingo dute euren ibilgailurik erabili egun horretan. Zerbitzua goizean goiz hasiko da martxan. 07:00etatik 19:30era bitartean, gora eta behera ibiliko da autobusa.
Arrietatik Gaztelugatxera
Badira San Ignazio egunez era horretako ibilaldiak egiten dituzten herri gehiago ere. Arrietan, 06:00etan aterako dira plazatik, Gaztelugatxeko arteko bidea Solluben barrena oinez egiteko. Eguna han igaroko dute, jai giroan.