“Ez dakigu noraino iritsiko garen egun bakoitzean”

“Betidanik izan nahiz mendizalea, eta txikitatik asko joan izan naiz. Ordutik daukat nik hegan egiteko ametsa. Duela 21 urte hasi nintzen, hegan egitea erabaki nuenean. Izan ere, orduan hasi zen sortzen gurean parapentearen inguruko mugimendu guztia”, gogoratu du Iñigo Badiolak. 42 urteko suhiltzaile elorriar horrek, ametsa muturreraino eraman, eta hamabi egunetan Pirinioak alderik alde parapentean zeharkatuko ditu. Abuztuaren 5ean hasita X-Pyr lasterketan lehiatuko da.

“Hondarribian [Gipuzkoa] hasi, eta Mediterraneoan bukatu behar dugu. Horretarako, parapentea eta gure oinak baino ezin ditugu erabili. Hegan eta oinez egin behar dugu. Oinez goazenean, ekipo osoa gainean eraman behar dugu. Eta bitarte horretan, zazpi tokitatik igaro behar dugu. Horietatik igarotzea derrigorrezkoa da”. Halaxe azaldu du lehiaketaren muina zein den Gabiriak.

Larrun (Lapurdi), Ori (Nafarroa-Zuberoa), Collarada, Cotiella (Huesca, Espainia), Pic de L’Orri (Lleida, Herrialde Katalanak), Taga, Sant Pere de Rodes eta Port de la Selva (Girona, Herrialde Katalanak) dira igaro beharreko kontrolgune horiek. “Aurreneko etapa zein izango den argi dago: Hondarribitik Larrun mendira igo beharko dugu, oinez. Behin goian gaudela ikusi beharko dugu hegan egin dezakegun edo ez”, aurreratu du.

Gabiriak dio aurrez ezin dutela ezer pentsatuta utzi. “Aldagarri asko hartu behar dira kontuan. Asko jota, hurrengo eguneko etapa presta dezakegu, baina ez dakigu noraino iritsiko garen egun bakoitzean, hegan egin ahal izango dugun, zenbat… Meteorologiak, batez ere haizeak, zer ikusi handia du horretan”.

Entrenatzen ibili da, sasoiko egoteko. “Korrika egin dut, motxilarekin mendira joan naiz, eta hegan egin dut ahal izan dudan beste. Iaz, gainera, orain egingo dugun hau egiten ahalegindu nintzen, nire kasa. Erdia egin nuen, utzi egin behar izan nuelako, lesio batengatik. Aurten bukatu dut. Ondo ikusi dut neure burua lasterketarako, nahiz eta lehiakide gogorrak izan”.

Iñigo Mendibil atxondarra izango du lagun. Furgonetan jarraituko dio. “Nire ardura bakarra hegan egitea eta ibiltzea izango da. Mendibilek aurkituko du lotarako lekua, janaria ekarriko dit… Ardura asko kenduko dizkit. Gauetan elkarrekin prestatuko dugu hurrengo eguneko etapa”.