Abian da Internet, ordenagailuak eta bideo jokoak gustuko dituztenek luze itxarondako hitzordua. Barakaldoko BEC hartuta daukate informatikazaleek. Duela zenbait hilabete bete ziren antolatzaileek Euskal Encounterrerako zabaldutako 4.096 ordenagailuentzako lekuak. Guztira, 6.000 parte hartzaile inguru ariko dira, beraz, domekara bitartean, bideo jokoetan jokatzen, datuak trukatzen eta ordenagailuek eskaintzen dizkieten aukera guztiak aprobetxatzen. Horretarako, 20 Gb-ko konexioa daukate.
XX. Euskal Encounter da aurtengoa. Eta data borobil hori ospatzeko, berritasunak dakartzate antolatzaileek. Besteak beste, robotikaren aldeko apustu irmoa egin dute oraingoan. Leku pribilegiatua eskaini diote eremu horri. Hain zuzen, gidatutako VEX ereduko robotak bereziki eurentzako pentsatutako kirol mota batzuetan lehiatuko dira. Heziketara bideratutako roboten erakustaldia ere egingo dute.
Topaketa horretan ezin falta zitezkeen bideo jokoak. Sarean jokatzen duten jokalarien komunitate nabarmenetako batzuk Barakaldon izango dira egunotan. Hainbat joko eramango dituzte bertara, eta, han, lehiaketak antolatuko dituzte.
Gamegunek, hamar urte
Bestalde, Gamegune bideo joko profesionalen hamargarren txapelketa ere bertan lehiatuko da. Munduan era horretako lehiaketa garrantzitsuenetariko bat da berau. Mundu osoko talderik onenek bat egingo dute bertan.
Aurten Counter Strike 1.6 jokoarekin lehiatuko dira parte hartzen duten taldeek. Antolatzaileak ziur dira partida horiek hainbat jarraitzaile izango dituztela Internet bidez. Aurreko jaialdietan, 130 herrialdetako 100.000 zalek baino gehiagok jarraitu zituzten sarean joko horietako kanporaketak eta finala.
Horiek ez dira izango, dena den, egunotan BECen ikusteko eta parte hartzeko antolatuta dauden jarduera bakarrak. Izan ere, batetik, hardware eta software askeko lehiaketak prestatu dituzte. Txapelketa horietan parte hartzen dutenek euren ordenagailuen errendimendua eta itxura hobetzeko dituzten trebeziak erakutsi beharko dituzte. Programazio lanak ere eskatuko dizkiete. Arte digitalarekin lotutako hainbat proba ere antolatu dituzte, baita aisialdira begira antolatutako jarduerak ere.
Horrez gain, hirugarren urtez, Opengunek erabiltzaileentzako ateak zabaldu ditu doan. Punta-puntako produktu teknologikoak ezagutzeko aukera emango du.