XVI. mendeko Muñatones gaztelua, bisitarien zain

Muskizko Muñatones gaztelua ikusteko aukera izango dute bisitariek irailaren 9ra bitarteko domeka guztietan. XVI. mendeko jauregia ikusteko bisita gidatuen programa abian da.

XIV. eta XV. mendeetan eraiki zuten jauregia, garai hartan Euskal Herria astindu zuten leinuen arteko borroken erdian. Kanpoaldean dituen harresien sistema dela eta, gaztelutzat jo daitekeen dorretxea da Muñatones. Bizkaian dagoen era horretako dorretxe bakarra da, gainera.

El Pobaleko burdinola bisita berean ikusteko aukera eskainiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputatuak azaldu duenez, bi eraikin horien bitartez ezagutu ahal izango dute bisitariek nola bizi zen landa eremuko noblezia.

Bisita gidatuak euskaraz egin nahi dituenak 11:30erako txandara joan behar du. Ordubete geroago, gaztelerazkoei emango diete hasiera. Sarrerak hiru euro balio du. Sarrera murriztuak, bestalde, bi euro —hamar lagunetik gorako taldeentzat, 25 urtetik beherakoentzat, erretiratuentzat, langabeentzat eta elbarrientzat—. Gaztelua eta burdinola ikusteko sarrerak euro bat balio du. Erreserbak egiteko 629-27 15 16 zenbakira deitu behar da.