Galindoko kiratsak gutxitzeko lanak hasiko dituzte

Hil honetan hasiko dira Bizkaiko Ur Partzuergoa eta Espainiako Gobernua partzuergoak Bilboalderako Galindon (Sestao) duen araztegiak sortzen duen kiratsa gutxitzeko beharrak egiten. 33 milioi euroko aurrekontua dute.

Urtero 140 hektometro kubo garbitzen ditu, baina, horren ondorioz, sekulako usain txarra sufritu behar izaten dute bizilagunek eta metroko erabiltzaileek. Behar hauei esker, bada, kiratsa gutxi gorabehera erdira murriztuko da, eta, gainera, orain arte agertzen ziren intsektuak desagertzea ere lortu nahi da.

Duela sei urte hasi zen ur partzuergoa usain azterketak egiten Galindoko araztegian, kiratsa nondik irteten den ezagutzeko. Usain txarren laurdenak inguru lokatza bahetzen den inguruan sortzen dira. Alegia, urari elementu solidoak kentzen zaizkion gunean. Beraz, behar hauek batez ere inguru horretako azpiegiturak hobetzeko izango dira, ahalik eta usain gutxien botatzeko.

Azpiegitura hori hobetzeaz gain, iragazkiak aldatuko dizkiote, eta hondakinak biltzeko biltoki bat ere eraikiko dute. Espero dute horrekin guztiarekin usain txarren %34 inguru desagertuko direla. Lanok orain hasi eta urtea bukatu arte egingo dira.

Datorren urtean ekingo diote lanen bigarren faseari. Ur zikina biltzeko ur biltegiak estaliko dituzte orduan. Espainiako Gobernuak intereseko lana dela erabaki eta finantzatzea erabaki du.

Behar horiez guztiez gain, mila arbola jarriko ditu ur partzuergoak, araztegiaren eta herrigunearen artean babes hesi natural bat sortzeko asmoarekin, baita hamar metro garai den panel sare bat ere.