Beste urte batez, nazioarteko folklorearen topaleku bihurtuko da Portugalete bihartik aurrera. Aurten, Portugaleteko 38. Nazioarteko Folklore jaialdia ospatuko dute, Elai Alai kultur elkarteak antolatuta.
Musika, kantu eta dantza folklorikoa interpretatuko duten nazioarteko bost taldetako 200 gonbidatu baino gehiago hartuko dituzte bertan. Hain zuzen, Argentinako, Kurdistango, Mexikoko, Siberiako eta Venezuelako folklorea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute Portugaletera hurbiltzen direnek.
Bihar jaialdiaren inaugurazioa egingo dute San Roke plazan, Argia dantza taldearen emanaldiarekin. 21:30ean emango diote hasiera ekitaldiari.
Domekan, nazioarteko taldeen txandari emango diote hasiera. Siberiatik iritsitako Omsk kantu eta dantza konpainiak eskainiko du lehenengo ikuskizuna. Konpainia horrek, Errusiako kantu herrikoiak munduan barrena zabaltzeaz gain, egile modernoen lanak ere interpretatzen ditu. Siberiako herrietako ohitura eta abileziak erakutsiko dituzte San Roke plazan.
Astelehenean, erabat desberdinak izango diren bi talderen ikuskizuna plazaratuko dute. Kurdistango eta Venezuelako taldeen emanaldiak izango dira, hain zuzen ere. Guanaguanare Hegoameriketako taldea hainbat sari irabazi dituzten dantzariz osatuta dago. Kurdistandik, bestalde, dantzez gain, musika eta abestiak ere taularatuko ditu 1998an sortutako Sulaimaniyah taldeak.
Hilaren 24an, Mexikoko ordezkariei egokituko zaie euren tradizioak erakustea. Colimako unibertsitateko balleta izango da horren arduraduna. Mito erlijiosoen eta eguneroko bizitzako eszenen konbinazioak interpretatuko dituzte San Roke plazan.
Eguaztenean, uztailaren 25ean, Argentinak hartuko die lekukoa dantza taldeei dagokienez. Bertako Ballet Nagusiak Argentinako musika eta dantza zabalduko ditu bertaratzen diren ikusleen aurrean. Euren ikuskizunetan herrialde osoko lurralde guztiak ordezkatuta daudela adierazten du taldeak bere aurkezpen eskutitzean.
Munduko Dantzak, 29an
Egun guztietako ekitaldien laburpen bat izan nahi duenak badu horretarako aukera. Izan ere, urtero legez, datorren asteko domekan, hilaren 29an, Munduko Dantzak izeneko ikuskizuna taularatuko dute Karlos VII.a etorbidean. Portugaletera gonbidatu dituzten talde guztiek erakustaldia egingo dute, era batera, 21:30ean hasita.