Ander Gartzia Badiola
Urak ez dira baretu Alonsotegin. “Harro gaude, herriaren borondatea udalera eraman genuelako. Baina, aldi berean, ezintasuna eta haserrea sentitzen dugu, EAJk emandako erantzunagatik”. Alonsotegi Orain plataformako kide Oscar Carballoren berbek udalerriko hainbat bizilagunen etsipena islatzen dute. Orotara, 946 herritarren sinadurek jarri zuten martxan joan den ostegunean udaleko osoko bilkuran eztabaidatutako herri ekinaldia. 2.800 biztanle ditu udalerriak.
Alonsotegi Orain plataforma ez dago konforme udalak azken legegintzaldietan egindako kudeaketarekin, eta kanpoko kontu ikuskaritza bat exijitu du. EAJk, ordea, udalean duen gehiengo absolutua baliatuz, baztertu egin zuen herritarren proposamena aurreko astean. Erabakiak hautsak harrotu zituen, eta aretoan bildutako jende andanaren protestak eragin. “Hauteskundeetan 770 boto lortu zituen EAJk. Gure proposamenak 946 babes jaso ditu. Itxaropena geneukan EAJk entzungo zigula, baina ez da horrela izan”.
Alonsotegiko alkate Joseba Urbietak zuzendutako lantaldearen esanetan, urtez urteko kontuak EAEko Kontu Auzitegiak kontrolatzen ditu. “Ez da logikoa herriko dirua azterketa horietarako erabiltzea, batez ere erantzukizuna dagokion organoak lan horiek egin baditu”, azaldu zuen Urbietak osteguneko bilkuran. Herri ekinaldia atzera botata, bizilagunek eta oposizioko alderdietako ordezkariek (EH Bildu eta PSE) alde egin zuten aretotik. Bakarrik, EAJ berak aurkeztutako proposamena bozkatu zuen.
Hala, administrazio prozedurak aztertuko dituen kontu ikuskaritza agindu zuen, udalbatzaren egungo egoera ekonomikoa ere aztertuko duena. “Batak eta besteak ez dute zerikusirik”, dio Carballok. “EAJk agindu duen kontu azterketarekin jakin nahi dutena da zenbateko zorra duen udalak eta zenbat diru dagoen udaleko diru kutxan. Lan egiteko modua hobetu nahi dute, zuzendu beharra dutelako. Ezinbestekoa den gauza bat egin nahi dute. Guk nahi duguna da azken urteetako kudeaketa aztertzea, jakiteko dirua nora joan den, erantzukizunak zehaztu ahal izateko”.
‘Errota auzia’
Aspaldi nahasi ziren urak Alonsotegin, Errota auziarekin. Iazko urrian, Errota kaleko 113 familiari 8.000 eta 28.000 euro bitarteko ordainketak eskatu zizkien udalak. Ordainketa horiekin Madinabeitia plaza nagusiaren eraikuntza gastuei (1,1 milioi euro) aurre egin nahi zien udalak. 2003an, Alonsotegi Eraikiz hirigintza sozietatea sortu zuen orduko alkate Gabino Martinez de Arenazak (EAJ). Sozietate horrek kudeatu zituen herriko higiezinak, eta Basaldi SL eraikuntza enpresari eman zion Alonsotegiko Madinabeitia plazako obrak martxan jartzeko ardura.
2011n, ordea, Basaldik porrot egin, eta hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Enpresak Alonsotegi Eraikiz sozietatearekin plazari dagokion zorra kendu gabe zeukan. Alonsotegi Eraikiz sozietatea urte berean desegin zen, udalean 4,1 milioi eurotako zorra utzita. “Alonsotegik daukan zorra eramangaitza da. Bai EAJk azken urteetan izan duen utzikeriagatik, bai ustelkeria kasuengatik. Susmoa dugu kasuak egon direla. Kontu Auzitegiak oraintsu kaleratutako txostenak argi erakusten du udalaren kudeaketa kaskarra ez ezik beste zerbait ere izan dela”.
Bizilagunak bi hilabetez mobilizatu ziren, harik eta udalak herritarrei bidalitako fakturak baliorik gabe utzi zituen arte. “Udalak ez zeukan eskubiderik ordainketa haiek eskatzeko. Epez kanpo eta formaz kanpo zeuden”. Egun, Bizkaian gehien zorpeturiko herrien zerrendan bigarren dago Alonsotegi, zortzi milioi euroko zorra baitu.
Carballok nabarmendu duenez, borrokan jarraituko dute, “herriak horrela eskatzen duelako”. Plataformak, besteak beste, Arartekora joko du babes bila. “Aldundira joan ginen. Alonsotegiren moduko udal batek daukan zorra izateko, aldundiaren aldetik kontrol eza egon da”. Jakinarazi du ez dutela onartuko EAJren ezetzik. “Bizilagunok biltzen jarraituko dugu, erabakitzeko aurrerantzean zer norabide hartu eta zer egin. Dakiguna da gauzak ez direla horretan geldituko”.