Barakaldon arreta psikosoziala emateko Gurutzeta auzoan dagoen modulua kudeatzen duen elkarteak ohartarazi du zentro hori aurki itxiko dutela. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak udalerri osoan buruko osasunarekin lotura duten zerbitzuak zentralizatu egin nahi dituelako hartu du erabaki hori. Elkartearen datuen arabera, iaz 1.530 pertsonari eman zieten zerbitzua.
Modulua kudeatzen duen elkarteko bozeramaile Jose Miguel Martinen esanetan, zentro horretan Gurutzeta, Lutxana, Retuerto eta Burtzeña auzoetako pazienteei ematen diete zerbitzua. Auzo horietan 40.000 lagun bizi direla azpimarratu du, gainera. Hori dela eta, modulua ixtea “bidegabea” dela deritzo.
Azaldu duenez, elkarteak 1990ean sinatu zuen hitzarmena Osasun Sailarekin. Haren arabera, auzo horietan buruko osasunarekin lotutako zerbitzuak emango zituzten. Itun hori urtean behin berritu izan dute orain arte.
Joan den apirilean, baina, Osasun Saila haiekin harremanetan jarri zen, modulu horren egoerari “konponbide bat” emateko asmoz. Hain zuzen, jakinarazi diete Osakidetzak hartuko duela arreta horren ardura. Arreta zerbitzua, gainera, buruko osasunerako Barakaldoko zentroan emango dute, La Felicidad osasun etxean zentralizatuta.
Martinek salatu duenez, buruko osasunarekin lotutako arreta zentralizatzeko erabaki horrek esan nahi du Gurutzetako arreta psikosozialerako modulua dagoeneko ez dela beharrezkoa. Hala ere, Osasun Sailak onartu du erabaki hori hartzeko ez dagoela ez arrazoi ekonomikorik, ez asistentzia alorrekorik.
3.000 sinadura
Gurutzetako modulua kudeatzen duen elkarteak babesa ematen dieten 3.000 sinadura jaso ditu. Auzoetako elkarteen babesa ere badutela jakinarazi dute, gainera. Moduluan lanean jarraitzeko aukera eman diezaietela aldarrikatu dute, baita koordinatzeko lanek euren esku jarrai dezatela ere.
Bestalde, Osakidetzak esan du Barakaldon egiten ari diren zerbitzuen berrantolaketaren ondorioz Gurutzeta, Lutxana, Retuerto eta Burtzeña auzoetako arreta zerbitzua aurrerantzean ez duela sistema publikotik kanpoko entitate batek kudeatuko.
Buruko osasun arazoak dituzten pazienteei zerbitzua emateko Barakaldoko zentroan psikologo bat, psikiatra bat eta erizain bat gehiago kontratatuko dituztela jakinarazi du Osakidetzak. Horrez gain, moduluko pazienteen esku “profesionalen talde osatu bat” jarriko dutela iragarri dute. Bizkaiko gainerako pazienteei eskaintzen zaien arreta ere euren esku izango dutela gaineratu du osasun publikoko zerbitzuak.
Elkarteko bozeramaileak azaldu du Gurutzetako moduluak zabalik jarraitu ahal izateko Osakidetzaren laguntza nahitaezkoa dela. Izan ere, diru sarreren %80 handik jasotzen dituzte. Aldaketarik ezean, baina, datorren irailean itxi beharko dute zentroa.
Elkarteak berak gogorarazi du 30 urte daramatzala lanean eta bere zerbitzuek administrazioari eta, ondorioz, herritarrei kostu txikia ekartzen dietela. Bazterketa arriskuan dauden kolektiboei ematen dieten arreta ere azpimarratu dute.