Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Harreman debekatuak

Harreman debekatuak

Natalia Salazar Orbe

Jeinu edertzat dauzkate elezaharrek laminak. Adats luzea urrezko orraziz orrazteari ordu luzez ekiten zietenak. Elezaharretan gehien azaltzen diren izakietako batzuk dira. Toponimian ere haiei lotutako leku ugari ageri dira: Lamikiz, Markina-Xemeinen; Lamindau, Diman; Laminerreka, Zeberion; Lamiako, Leioan; Laminapotzu, Zeanurin; Laminarrieta, Bedian, edota Laminazulo, Anboton. Adibide batzuk besterik ez dira. Orozkon girotutako elezaharra da Joxe Miel Barandiaranek eta Resurreccion Maria Azkuek jasota Euskal Herriko Leiendak liburuan irakur daitekeena. Herri baten kultura eta iruditeria kolektiboa elikatu dute mendeetan halako kontakizunek. Fantasiaren munduan murgiltzea beste asmorik ez dute izan batzuek; irakaspenen bat txertatzea eta analisi kritikoa egitea, beste askok. Azken horietako bat da Lamina maitemindua.

Orozkon bizi zen gizon gazte bat eta lamina bat ditu protagonista. Antton izeneko artzain gaztea, mendian artaldearekin zebilen egun batean, kantu eder batekin liluraturik geratu zen. Ardiak ahaztu, eta doinuaren sorlekurako bidea hartu zuen, itsututa. Ibaiaren erdian, haitz baten gainean, emakume eder bat ikusi zuen. Ilea orrazten ari zen kantu bitxia abesten zuen bitartean. Antton miretsita zegoen.

Halako batean, neskak Antton ikusi zuen, eta uretan murgildu zen. Lotsatuta edo izututa, haitz baten atzetik ezkutatuta begiratzen zion artzainari. Azkenean, gazteari hitz egiten hasi zitzaion, nor zen galdezka. Mutila mutututa zegoen, baina azkenean, lortu zuen bere izena ahoskatzea: “Antton, Antton naiz. Eta zu?”. Barre algara egin, eta uretan murgildu zen berriro neska. Antton zain geratu zen. Baina ez zen berriro azaltzen, eta herrira itzultzea erabaki zuen.

Egun batzuk egin zituen etxetik atera gabe. Ezin zuen burutik kendu mendian ikusi zuen neska. Azkenean, berriro ibai haren ingurura gerturatzea erabaki zuen. Hurbildu ahala, kantu liluragarria entzun zuen berriro. Aurrekoan bezala, ilea orrazten aurkitu zuen emakumea, haitz baten gainean. “Egun on, Antton!”, esan zion, “zure zain nengoen”. Eta bere ondora hurbiltzeko eskatu zion. Ur bazterrera joan, eta hantxe eseri zen. Orduak eman zituzten elkarri begira, isil-isilik. Halako batean, iluntzear zela, berekin ezkonduko zen galdetu zion emakumeak. Baiezkoa erantzun zion mutilak.

Pozez gainezka itzuli zen etxera Antton, emakumeak eman zion eraztuna jantzita. Eta amari jakinarazi zion albistea. Hark, harrituta, galdetu zion: “Norekin ezkonduko zara, ba?”. Eta semeak erantzun: “Mendian topatu dudan neska batekin. Mendian bizi da, erreka ondoan”.

Susmo txarra hartu zion amak. Semea sorginduta zegoela pentsatu zuen. Eta inguruko guztiei kontatu zien gertatutakoa, zer konponbide bila zezakeen galdetzeko. Orozkoko agure zaharrenak eman zion pista: “Lamina baldin bada, ahate oinak izango ditu”.

Etxera itzuli, eta semeari eskatu zion andregaiaren oinei begiratzeko. Ibairako bidea hartu zuen, eta isil-isilik gerturatu zen, andregaiari sorpresa emateko asmoz. Uretan aurkitu zuen, bainua hartzen. Algaraka zebilen, arrainekin jolasean. Baina, hara ezustekoa: oinak uretatik kanpo ikusi zizkionean, ahatearenak ziruditen!

Hura ikusita, etxera itzuli zen, burumakur. Atetik sartu zenerako sumatu zion amak zer gertatzen zitzaion. “Nolako oinak ditu?”, galdetu zion. Eta mutilak erantzun: “Ahate oinak”. Amak, orduan, larrituta erantzun zion: “Ene! Lamina da! Ezin zara ezkondu horrekin! Entzun duzu? Gizakiak ez dira ezkontzen laminekin”.

Tristurari ezin eutsita

Anttonen ama lasterka atera zen, herri osoari gertatutakoa jakinaraztera. Saminak jota, ohean sartu zen Antton. Ezin zuen burutik kendu andregai zuenaren aurpegia, eta haren ahotsa entzuten zuen: “Zatoz, zatoz, maitea, zatoz…”. Baina mutila ez zen joan berriro mendira. Eta egun batean hil egin zen, tristurak jota.

Hilobiratu zuten egunean, lamina Anttonen etxera joan zen. Haren ohera gerturatu, gorpua urrezko maindire batez estali, eta musu bat eman zion ordurako jada izoztuak zituen ezpainetan.

Hileta egin behar zuten elizara arteko bidea egin zuen laminak hilkutxaren ondoan. Baina kanpoan geratu zen. Handik mendirako bidea hartu zuen berriro, tristurak jota. Negar eta negar egin zuen, etenik gabe. Haren malkoak erori ziren lekuan iturri bat sortu zela dio elezaharrak, laminaren eta artzainaren arteko ezinezko maitasunaren oroigarri.

Tolerantziaren aldeko aldarritzat ulertzen dute batzuek lamina maiteminduaren istorioa; denetariko bikoteen aldeko aldarritzat, hain zuzen.