Europan orain arte ezagutzen ez den proiektu bat egiteko asmoa iragarri dute Urduñan. Artea kalera aterata, herriko plazako hastialak edo arkupeak margotu egingo dituzte.
Foru plaza beste edozeinetatik bereizi egingo duten margolanez beteko da. Hamalau artistak osatutako taldeak beste horrenbeste mural monumental margotuko dituzte gaur egun hondatuta dauden plazako arkupeetako sabaiak estaltzeko.
Europan antzeko lanak egin diren arren, neurriei dagokienez izango da aitzindaria Urduñakoa. Izan ere, plazak 70×70 metroko neurria dauka. Udaletik prentsa ohar bidez azaldu dutenez, jarduera horren bitartez kolorez jantziko dituzte arkupeak eta “atari ikusgarri bihurtuko dira merkataritza eta ostalaritzarako”. Horrez gain, baliabide turistiko eta artistiko preziatu gisa ere aurkeztu dute egitasmoa.
Jose Luis Abajo Porrilo eta Luis Encinar margolarien laguntza izan du udalak proiektua garatzeko. Izan ere, haiek izan dira gainerako artista guztiak parte hartzera bultzatu dituztenak.
Abajo eta Encinarrez gain, ondoko beste hamabi artistak agertu dira lanak egiteko prest: David Abajo, Julian Momoitio, Justo San Felices, Jose Reyes Ramos, Leire Sainz de Aja, Julio Ortun, Richard, Sara Odriozola, Gerardo Fontanes, Esther Añibarro, Carmen Mateos eta Nagore San Felices.
Margolariek ez dute dirurik kobratuko euren lanak margotzeagatik. Proiektuak sortuko dituen gastu guztiak, gainera, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak emandako diru laguntzekin ordainduko dituzte. 150.000 euro inguruko kostua izango du proiektuak. Udala, bestalde, plaza inguruko auzotarrekin eta merkatariekin hitz egiten ari da lan horiek etorkizunean beharko dute mantenua euren esku hartzeko prest dauden ikusteko.
Lanak berehala hasiko dituzte. Muralak azaroa eta abendua bitartean jarriko dituzte plazan eta Gabonetan inauguratuko dira.