Gisatu onenaren bila

Zezen buztan erregosien txapelketa egingo dute bihar Urdulizen. Lehiaketa 46. urtez antolatu du, Txori Alai kultur elkarteak. Eleizalden egingo dute, Andra Mari eliza ondoko zelaietan.

Lehiaketara 50 lapiko inguru aurkeztuko direla espero dute antolatzaileek, azken urteetako joerari erreparatuta. Parte hartzen duten kuadrillentzat, garaikurrak eta opariak egongo dira.

Txapelketaz gain, egun osorako jarduerak ere antolatu dituzte. Hain zuzen, txistulariek iragarriko dute goizean goiz jai giroko egunaren hasiera. 09:00etatik aurrera herriko kaleetan barrena ariko dira.

Eguerdi aldera, 12:30ean, Iratxo Gorria dantza taldeak ikuskizun bat emango du. Ordu horretan bertan bukatuko da, gainera, lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea. Ordubete geroago aurkeztu beharko dituzte lehiakideek euren gisatuen lapikoak. Arratsaldean, kuadrillen arteko herri kirolen tartea izango da. 19:30ean amaituko dute eguna, sari banaketarekin.

EGUNEKO EGITARAUA

09:00. Txistulariak, herriko kaleetan zehar.

12:00. Erretiratuentzako hamaiketakoa.

12:30. Iratxo Gorria dantza taldearen erakustaldia. Ordu horretan bertan amaituko da txapelketan izena emateko tartea.

13:30. Gisatu lapikoen aurkezpena.

17:00. Kuadrillen arteko herri kirolak. Sokatira.

19:30. Sari banaketa eta jaialdiaren bukaera.