Miguel Unamunok egindako 50 marrazki inguru hartzen dituen erakusketa dago Bizkaiko Foru Liburutegiko areto nagusian. Salamancako Unibertsitateak ekoitzitako erakusketa bat da Bilbon bisita daitekeena.
Ana Cuevas Salamancako Unibertsitateko idazkari nagusiak erakusketaren aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, marrazki horien bitartez Unamunoren alde “intimoago bat” geratu da agerian. Irudi horietan artistak pertsonen eta keinuen inguruan zuen interesa erakusten duela esan du.
Gertukoena marraztu zuen Unamunok. Bera eta bere familia agertzen dira sarri bere marrazkietan. Animalien mundua ere marraztu zuen; alegia, txakurrak, txerriak eta zezenak, besteak beste. Baita inguruko arkitektura eta gai erlijiosoak ere. Erakusketa amaitzeko, bitxikeria zientifiko batzuk eta gimnasiako taula bat ere ageri dira. Filosofoak zituen interes moten erakusgarri dira horiek.
Erakusketa idazle eta pentsalari bilbotarraren heriotzaren 75. urteurrena bete denean zabaldu dute. Datorren irailaren 14ra arte egongo da Bizkaiko Foru Liburutegian. Astelehenetik ostiralera bisita daiteke, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bestalde, larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik.