Urduña anbulantzia gabe geldituko da; Karrantza, batekin

Udal eskumeneko zerbitzu bat izan ez arren, Bilboko Udalak bi udal anbulantzia izan ditu orain arte. Maiatzeko osoko bilkuran, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak iragarri zuen horietako bat kendu egingo duela. Bestea, udalaren larrialdietarako erabiliko dute soilik. Azaldu zuen “ezinbestekoak ez diren gastuak kentzeko” hartutako neurria dela. Neurri horrek, baina, azkenean ez du bilbotarrengan izango eragina, Karrantzako eta Urduñako bizilagunengan baizik. Hiriak bi anbulantzia horien falta izango duenez, Osakidetzak erabaki du hutsune hori berak betetzea. Bi horiek ordezkatzeko, bada, Karrantzan eta Urduñan murrizketak egitea erabaki du. Abuztuaren 15etik aurrera, Urduñan anbulantziarik gabe geratuko dira, eta Karrantzak —hedaduraz, Bizkaiko herririk handienak— orain arte zituen bietatik bakarrari eutsiko dio soilik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dio erabakiak ez duela herritarrengan eraginik izango eta bi herriotan sor daitezkeen larrialdiek erantzun “bikaina” izango dutela Osakidetzaren aldetik. “Egokiagoa da beharra dagoen lekutik gertu izatea anbulantziak, baina Karrantzak orain arte zituen bietako bati eutsiko dio, eta, gainera, medikalizatua izango da. Kenduko zaiona ez da medikalizatua. Urduñak bertatik bertara izango ditu Amurrioko eta Laudioko anbulantziak, eta Laudiokoa medikalizatua da”, azaldu du Teresa Garmendia Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako zuzendariak, neurriak eragingo dituen ondorioei larritasuna kentzen saiatzeko.

Karrantzak zazpi urte darama bi anbulantziarekin, bakarrarekin nahikoa ez zelako. Gerora, baina, helikoptero zerbitzua ere martxan jarri zela eta, orain bakarrarekin nahikoa dutela dio Garmendiak. Izan ere, duela sei urtetik, Osakidetzak helikoptero bat dauka ospitaleetatik aparte dauden eskualdeetan zerbitzua azkarrago emateko. “Bizkaiko larrialdi zerbitzuetarako plana aspaldikoa da; zaharkituta geratu da, eta egungo beharretara egokitu behar da. Bilbora joango diren anbulantziok, gainera, egunean zerbitzu bakarra egiten dute”.

Herritarren kezka

Urduñan eta Karrantzan, herritarrak arduratuta daude, anbulantzien murrizketa horrek izan ditzakeen ondorioak direla eta. Bi herriotako udalak Osasun Sailarekin elkartu dira, herritarrei kalterik ez eragiteko alternatibak bilatze aldera. Urduñako Udalak Osakidetzari eskatu dio Amurrioko anbulantziaren kokalekua aldatzeko. Amurrio eta Urduña artean jartzea nahi du, erdibidean; hartara, Urduñatik gertuago egongo da, eta ez du denbora askorik beharko iristeko. Gainera, inguru hartan heliportua jartzeko prozesua bizkortzeko ere eskatu du. Modu horretan, gaixo eta zauriturik larrienak Osakidetzaren helikopteroan eramango lituzkete ospitalera.

Karrantzako Udaleko ordezkariek ere eskatu dute bilera bat Osakidetzako buruzagiekin. Txema Martin alkateak herritarrak lasaitu nahi izan ditu, esanez anbulantzia medikalizatuari eta helikopteroari eutsiko diotela. Osasun Sailak alkateari jakinarazi dio Ambasaguasen Gurutze Gorriak duen postua itxiko dela, baina Martinek iragarri du hori saihesten saiatuko dela.