Enkarterriko independenteek elkarlanari ekin diote, bigarren indar bihurtuz

Enkarterriko udaletan dauden 98 zinegotzietatik 22 ordezkatzen dituzte plataforma independenteek. Alegia, botoen %25 eskuratu zuten iragan urteko udal hauteskundeetan. Hala, euren arteko indarrak batu, eta Enkarterriko Udalen Mankomunitatean bigarren indar bihurtu dira, EAJren atzetik. Helburua jeltzaleei presio egin eta bestelako kudeaketa eredu baten alde behar egitea dela azaldu dute. Elkarrekin zortzi ordezkari dituzte mankomunitatean: lau Zalla Baik, bi Karrantza Zabalak eta bana AEI Sopuertak zein Abant Gordexolak. Nahiz eta ordezkaririk izan ez, Balmasedako CLI eta Turtzioz Bai plataformetako kideek ere bat egin dute.

“Eskualdeko interes orokorra duten gaietan elkarlanerako oinarriak ezarri dira, udalerri bakoitzeko nahiak zein berezitasunak errespetatuz”, azaldu du Javier Portillo Zalla Baiko kide eta Zallako alkateak. Izan ere, argi utzi nahi izan duten ez dutela inolako lotura ideologikorik.

Elkarlan horrek dagoeneko eman ditu fruituak. Mankomunitateko Batzar Orokorraren osoko bilkurak grabatzea eta web orrian eskegitzea lortu dute. Baita 1993an mankomunitatea sortu zenetik aldatzeke zeuden estatutuak gaurkotzea. Hiru urtean behin berrikustea adostu dute, gainera. “Beharrezkoa da herritarrei jakinaraztea politika egiteko beste modu bat badagoela, ohiko partiduenetik ezberdina, gardenagoa”, azaldu du Abant Gordexolako Arturo Carabiasek.