Burtsa, hamar berbatan

Azkenaldian burtsatik datozen albisteek orri mordoa betetzen dute egunkarietan, baina, gehienentzat arrotzak dira berriotan aipatzen diren kontzeptuetako asko. Hona horietako batzuek esan gura dutena.

1. Balore merkatua

Konpainia eta enpresen akzioak salerosten diren erakundea da balore merkatua edo burtsa. Truke horretan parte hartzen dutenei inbertitzaile deitzen zaie, eta bi eratakoak izan daitezke: erosi nahi dutenak eta saldu nahi dutenak. Akzioez gain obligazioak, bonuak eta bestelako finantza aktiboak ere negoziatzen dira bertan. Burtsa konfiantzan oinarritzen da, enpresa batek aurrera begira galerak edo irabaziak izango dituen ustean, eta, adituen arabera, ekonomiak hiru hilabeteren buruan nondik nora joko duen aurreikusteko balio du.

2. Akzioak

Enpresa batek kapital hazkundea behar duenean, bere jabegoa zati txikiagoetan banatu eta horiek saltzera jotzen du burtsara. Akzioak dira horiek. Burtsan kotizatzen hasten diren unetik aurrera, konpainiak, burtsako terminoetan, beste izendapen bat hartzen du: balorea. Akzioak errenta aldakorreko inbertsioak dira. Batetik, akzioaren jabeak enpresaren irabazien zati bat jasoko du, urtero jasoko duen kopurua ezberdina izango delarik. Akzio bat edo batzuek erosi dituen inbertitzaileak, gainera, gero beste inbertitzaile batzuei saltzeko aukera dauka, espekulatu eta salerosketa horren bidez dirua irabazteko asmoz.

3. Burtsa indizea

Indizea da denbora igaro ahala aldagai batean edo gehiagotan sortzen diren aldaketak neurtzeko erabiltzen den balio estatistikoa. Beraz, burtsa indizea baloreen inguruan osatutako balio estatistikoa da. Kapitalizazioa, kontratazio bolumena eta pareko irizpideen arabera aukeratutako enpresen balore kopuru jakin batekin osatutako saskia da. Saskia osatzen duten balore horiek balioan gora edo behera egin duten neurtzeko balio du. Burtsa indizearen helburua saskiaren balio osoaren bilakaera burtsa merkatuak bere osotasunean egiten duenaren antzekoena lortzea da.

4. Bolsas y Mercados Españoles

Bilboko Burtsa, Madril, Bartzelona eta Valentziakoekin batera, BME Bolsas y Mercados Españoles holdingaren parte da gaur egun. Espainian finantza sistemak eta balore merkatuak zuzendu eta kudeatzen dituen enpresek osatzen dute. Lau baloreen merkatu hauek, bada, bat eginda daude eta merkatu nagusia edo lehen mailakoa bateratuta daukate. Alegia, ez dira lau burtsa independente; salerosketak era berean egiten dira euretako edozeinetatik eginda ere. Merkatu jarraia deitzen zaio horri. SIBE izeneko sistema elektronikoa darabilte horretarako. Aginduen bitartez zuzendutako merkatua da, denbora errealean informazioa ematen duena eta kontratazio informazioaren zabaltze automatikoa egiten duena. Lau burtsetatik aginduak ordenagailu zentral berera zuzentzen dira. Aginduak bi motatakoak izan ohi dira, gehienbat: mugatua —erosteko gehienezko prezioa edo saltzeko txikiena ezarrita— eta stop agindua —erosketa edo salmenta prezioa balio jakin batera heltzeak baldintzatzen duenean—.

5. Bigarren merkatua

Merkatu nagusiaz gain, lau burtsa hauetan bigarren merkatu bana dago. Enpresa txiki eta ertainen burtsa merkatuan sarrera eta iraunkortasuna dutela bermatzeko eta ahalbidetzeko sortu ziren. Izan ere, euren tamaina txikiagatik ez zituzten lortzen lehen merkatuan kotizatzeko beharrezkoak ziren kontratazio mailak. Hasieran arrakastatsuak izan ziren, baina korro bidez soilik negoziatzen zirenez, gaur egun ia ez da bigarren merkaturik existitzen.

6. Korroen bidezko negoziazioa

Ahotsez egindako kontratazioa da. Burtsa aipatzerakoan burura etortzen diren negoziazioaren irudia, alegia. Dagoeneko ia desagertuta dago. Hala ere, sinbolikoki horretarako aukera eskaintzen dute BMEko lau burtsen egoitzetan. Bilboko Burtsan 10:30etik 11:30era egin daiteke, nahiz eta dagoeneko arraroa izan tarte horretan handik igarota inor aurkitzea. Zazpi balorek baino ez dute kotizatzen korroan, Bilbon. Garrantzitsuena Minersa da.

7. IBEX 35

BMEk argitaratzen duen indizeetako bat da; garrantzitsuena. Espainiako burtsan merkatu jarraiko indize ofiziala da. SIBE merkatu jarraian eta lau burtsetan kotizatzen duten enpresetatik likidezia handiena duten 35ek osatzen dute. Gaur egun, talde horretako Euskal Herriko enpresa bakarrak bizkaitarrak dira: BBVA, Iberdrola eta Gamesa. Enpresa guztiek ez dute garrantzia berbera. Horregatik, negozio bolumenaren araberako enpresen arteko ponderazioa egiten da indizea osatu ahal izateko.

8. Bilbo 2000 indizea

Bilboko Burtsak egunero osatzen duen indizea da Bilbo 2000. 50 balorek osatzen dute: Bilbon kotizatzen duten likidezia handieneko 50 enpresek, alegia. 50 horien artean, noski, Ibex 35a osatzen dutenak daude.

9. Nazioarteko merkatuak

NYSE New Yorkeko burtsa da mundu mailako handiena moneta bolumenean eta lehena bat egindako enpresei dagokienez. AEBetan Nasdaq izeneko merkatu elektronikoa ere badute; teknologia altuko elektronika, informatika eta bioteknologia alorretako enpresak hartzen ditu bere barruan. Europako burtsa nagusiak —Paris, Amsterdam, Bruselas, Lisboa, Oporto eta Londres— Euronexten bilduta daude, eta 2007tik NYSErekin batera NYSE Euronext sortu zuten.

10. Zor publikoa

Administrazio publikoek ere kapitala behar izaten dute euren zorra finantzatzeko. Errenta finkoko finantza aktiboak izaten dira eta, amortizazio epearen arabera, letra, bono edo obligazio izan daitezke. Aspaldion sarri entzuten da Espainiaren eta Italiaren arrisku sariek gora egin duela. Europako estatu bateko arrisku saria, kontinenteko ekonomia sendoena duen Alemaniak eta estatu horrek, biek, 10 urteko amortizazio epea duen zorra erosteagatik ordaintzen dituzten interesak alderatuta kalkulatzen da.

Espainiako arrisku saria 552koa izateak, Espainiaren interesak Alemaniak ordaintzen dituenak baino %5,52 handiagoak direla esan nahi du. Inbertitzaileek Espainiak interesak itzultzeko gaitasunik ez duela izango uste badute, ez diote zorrik erosi nahiko, eta horregatik interes handiagoak eskaini beharko dizkie estatuak. Arrisku sariak gora egingo du, inbertitzaileek konfiantza gutxi dutenean, Espainiak interes altuagoak eskaini beharko dituelako. Eusko Jaurlaritzaren eta aldundiaren zorra eros daitekeen merkatu bakarra Bilbokoa da.