Peru Azpillaga Diez
Bizkaiko Domino’s Pizzako langileek abiatu berri duten greba luzatu eta lanuzteei beste sei egun gehitzea erabaki dute batzarrean. Deialdiak izandako “arrakasta” ikusita, grebari eustea erabaki dute, eta ekainaren 8an eta 9an egindako lanuzteei beste bi asteburu gehituko zaizkie horrela: gaurtik hasita igandera arte, eta datorren ostiraletik ekainaren 23ra arte. ELA sindikatutik salatu dutenez, gainera, jada lehenagotik langileek greba egiteko zituzten arrazoiei, Domino’s Pizza enpresak bi langile kaleratu izana gehitu behar zaio orain.
Izan ere, Domino’s enpresako langileek bizi duten “muturreko prekaritate egoera” dela eta, antolatzea eta grebara jotzea erabaki zuten orain dela aste batzuk. Horretarako, Isa Garcia ELA sindikatuko delegatua haiekin batera izan da lanean hasieratik, eta, adierazi duenez, greba egoerari eutsiko diote langileen lan baldintzak hobetu arte. “Pairatzen ari diren prekaritatea benetan larria da, zentzu guztietan”, jakinarazi du Garciak. “Ez dute lan ordutegirik, atsedenaldiak ez dira errespetatzen, lan osasuneko hutsuneak nabariak dira…”, argudiatu du. “Esparru guztietan bizi dute prekaritatea, bere zentzurik zabal eta krudelenean”.
Akordio baten bidez lan baldintzak aldatu egin dizkietela azaldu du, eta baldintza “kaskarren” metaketak eraman dituela langileak grebara. “Aski da! esan, eta gurekin jarri ziren harremanetan. Antolatzen lagundu diegu eta lanuzteak abiatu dituzte”. Momentuz, balorazioa “oso positiboa” dela dio Garciak, grebak jarraipen zabala izan duelako, batez ere banatzaileen artean. “Batik bat banatzaileak izan dira mugimendua abiatu dutenak, azken finean, haiek bizi dituztelako baldintzarik gogorrenak”.
Lanuzteen jarraipena %80 ingurukoa izan dela baieztatu du ELAko ordezkariak, eta, horregatik, jada egindako lau lanuzteei beste sei gehitzea erabaki dute. “Banatzaileen egoera jasanezina da, eta lan baldintzak hobetzea da duten helburu bakarra”.
Erantzuna, kaleratzeak
Langileen erantzuna ona izan den arren, Domino’s Pizza enpresak hartutako jarrera oso bestelakoa izan dela salatu du Garciak. “Ez du negoziaziorako inolako jarrerarik azaldu”, kexatu da. Esplikatu duenez, langileek mehatxuak jaso dituzte, eta enpresak ez du haiekin akordioren bat bilatzeko inolako asmorik azaldu. “Ez dira gurekin harremanetan jarri, ez dituzte langileak entzun eta, gainera, bi kaleratu egin dituzte”. Enpresak kaleratzeak argudiatzeko langileei kontratua amaitu zaiela dioen arren, sindikatutik argi dute greba egitea izan dela horren atzean ezkutatutako benetako arrazoia, eta, horregatik, salaketa jartzea erabaki dute. “Salaketa jarri dugu eta ikusi beharko da zer gertatzen den, guk langileen eskubideak defendatuko ditugu bide juridikotik, eta negoziazioan haien birkontratatzea eskatuko dugu”.
Horrekin batera, lan ikuskaritzan ere bi salaketa jarri dituztela jakinarazi du Garciak, langileen greba eskubidea errespetatu ez dela argudiatuz. “Grebalariak ordezkatu egin dituzte eta hori ez da legezkoa”. Horregatik, momentuz enpresak negoziatzeko inolako borondaterik azaldu ez duenez, langileek borrokan jarraitzeko erabaki “irmoa” dutela adierazi du Garciak.
“Lan baldintzak hobetzea da langileen helburu nagusia; berez, badago sententzia bat dioena ostalaritza hitzarmena aplikatu behar dela, baina, hala ere, guk ez diogu enpresari hori exijitu”. Lan baldintzak hobetzea helburu duten proposamenak entzuteko prest daudela erantsi du, eta horien arabera negoziazio bat abiatzeko. “Ordutegia eta lan baldintza minimo batzuk izan behar dituzte, egungo egoera ez baita jasangarria”.
Greba banatzaileek beraiek martxan jarri izana ere adierazgarritzat jo du Garciak. Azaldu duenez, haiek kalean ematen dute eguna eta baldintza okerragoak dituzte. “Dendako kideen egoera ere prekarioa da, baina kalea beti da gogorragoa”, ohartarazi du. Jakinarazi duenez, banatzaileek banaketa bakoitzaren truke kobratzen duten gehigarriari esker irabazten dute soldata, hots, egiten dituzten bidaien arabera bizi dira. “Gehigarri hori, gainera, benetan baxua da eta horrek bidaia mordoa egitera bultzatzen ditu, betiere, ahalik eta azkarren”.
Hori dela eta, enpresa langileen izaeraz profitatzen dela deritzo, batik bat gazteek egiten dutelako lan eta aldi baterako lan modura hartzen dutelako. “Oso tenporala izaten da, langileak normalean ikasleak izaten dira eta diru apur bat ateratzeko helburuarekin hasten dira beharrean; orduan, aldi baterako baino ez dira egoten, eta enpresa egoera horretaz baliatu egiten da bidezkoak ez diren lan baldintzak ezarriz, jakitun direlako jendea ez dela kexatuko”.
Aurrera begira esperantza handiak dituztela dio Garciak, langileek grebari “gogotsu” ekin baitiote. Batzarren bidez hurrengo egunetarako protestak zehazten ari direla azaldu du, eta egoera hobetu ezean lanuzteei eutsiko dietela. “Ideia asko dituzte: martxak motorrekin, manifestazioak…”. Gainera, Garciak jakinarazi duenez, Gasteizen ere, biltzen hasi bide dira Domino’s Pizza enpresako hainbat langile, eta, horregatik, ez du baztertu etorkizunean protestak beste tokietara zabaltzeko aukera egon daitekeela. “Azken finean, langileek dioten bezala, ez dute galtzeko ezer; beraz, ez dute helburua lortu arte etsiko”, ohartarazi du.