Ziztaden gala galanta

Antzerkia

Bilbo

Euskara, komunikabideak eta antzerkia. Konbinazio eta helburu erakargarriek bat egingo dute igandean, Bilbon, Pabellon 6 arte eszenikoen aretoan. Sei antzezlan taularatuko dira, BERRIA Taldeari laguntzeko helburuarekin.

Haur eta helduentzako egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango da. 12:00etan, umeentzako ikuskizunari emango diote hasiera. Irrien Lagunak klubak Eguzkiaren bidaia taularatuko du. Ane pirata eta Eki eguzkiaren bitartez, urtaroak ezagutarazteko ikuskizuna aurkeztuko dute. Sarrerak bost euro balio du.

Iluntzean izango da helduentzako tartea. 20:00etatik aurrera, bost antzezlan ikusteko aukera izango da, hamar euroren truke. Jon Urrazak Morritson eta Gartzia taularatuko du. Ramon Agirrek eta Inaxio Tolosak, berriz, Zentimorik gabe lana antzeztuko dute. Galder Perez eta Ane Zabalak Berria ikusteko begiak antzeztuko dute. Bizitza titularrik gabeko albiste bat da aurkeztuko dute, bestalde, Dejabu eta Metrokoadroka taldeek. Azkenik, Ander Lipusen Aurkezle hutsa ikusteko aukera izango da.

Ziztadak

Ondo pasatzeaz gain, euskara hutseko egunkari nazional bakarrari laguntzea helburua duen jardueran ere parte hartuko dute Pabellon 6 aretora doazenek. Izan ere, Gala Galanta domekako ekitaldia BERRIAlagunak eskuratzeko Ziztada kanpainaren barruan antolatu dute, taldearen egoera ekonomiko larria dela eta.

GALA GALANTA

12:00etan. Umeentzako ikuskizuna taularatuko dute, Irrien Lagunak klubaren eskutik: Eguzkiaren bidaia. Sarrerak bost euro balio du.

20:00etatik aurrera, antzerki gala. Helduentzat: Morritson eta Gartzia, Jon Urrazaren eskutik. Zentimorik gabe, Ramon Agirre eta Inaxio Tolosaren eskutik. Berria ikusteko begiak, Galder Perez eta Ane Zabalak antzeztuta. Bizitza titularrik gabeko albiste bat da, Dejabu eta Metrokoadroka taldeek antzeztuta. Aurkezle hutsa antzeztuko du Ander Lipusek. Antzerki gala ikusteko sarrerak hamar euro balio du.