Alonsotegiko Udalaren kudeaketa, auzitan

Zazpi milioi euroko zorra dauka Alonsotegiko Udalak, herri hartako Bilduk salatu duenez. Koalizioaren arabera, beraz, biztanle bakoitzeko 2.500 euro zor ditu herriak. Datu horren haritik, gogora ekarri dute herriak 3,5 miloi euroko aurrekontua daukala. Udalaren egoeraren eta kudeaketaren berri emateko deitutako prentsaurrekoan eman dituzte ezagutzera datuok. EAJk gobernatzen duen Alonsotegiko Udalaren “kudeaketa eskasa” salatu zuten.

Aipatutako zor horren oinarrian, Alonsotegi Eraikiz sozietate publikoaren kudeaketa dagoela azaldu du Bilduk. Sozietate hori, gainera, “kasualitatez, hauteskundeak baino pixka bat lehenago bertan behera” utzi zutela salatu dute. Alonsotegi Eraikizek dituen aktibo eta pasiboen kargu udalak hartu duela diote, “irregulartasunez betetako prozesu baten bitartez”.

Auzi horren inguruan”larritzat” jo dituzten hainbat datu plazaratu dituzte Bilduko kideek. Besteak beste, sozietateak dokumentuak entregatzeko obligazioa inoiz ez duela bete diote, “beraz, ez dakigu zehatz nola dauden kontuak”. Horrez gain, auditoria eta kudeaketa txostenik ez duela aurkezten ere salatu dute. Udalak eta sozietateak sinatutako hitzarmenak zenbateraino bete diren jakiterik ez dagoela dio Bilduk, eta udalak sozietateari emandako dirua nora joan den ere ez dakitela azaldu dute.

Horrez gain, 2010 eta 2011 urteetan udalaren gastuek izugarri gora egin zutela dio koalizioak, “inongo kontrolik gabe”. Ondorioz, bi milioi eurotik gorako defizita sortu zen ohiko gastuei dagozkien fakturetan.

Hala ere, koalizioak antzemandako kudeaketaren irregulartasunak aspaldikoak dira. Besteak beste, udalak gaizki egin dituen zenbait prozeduraren berri eman dute. Batetik, udalak ez dauka ondareen eta eskubideen inbentario eguneraturik. Bestetik, udalak ez dauka ordenantza fiskal bakoitza idatziz jasota. Ordenantzak azken urteetan aldatu egin direla azaldu dute. Horrez gain, diru laguntzak horretarako eratutako plan estrategikorik gabe banatzen direla salatu dute eta 2006 eta 2008 arteko plan ekonomikoa ez dela betetzen.

2010. urteari dagokionez, aurrekontuen emaitza negatiboa izan zela dio Bilduk (-245.739 euro); baita diru zaintza soberakina ere (-2.193.244 euro). Zenbaki horiek onartutako zorpetzea gainditzen dutela ekarri dute gogora. Ondorioz, 2011rako 2.280.000 euroko mailegua eskatu zuen udalak. Urte horretan, baina, zorrak %110 egin zuen gora. 2010-2012rako plan ekonomikoa ez dela bete ere ohartarazi dute.

Adituen txostenek kontrakoa esan arren, udalak aurretik aipatutako operazio guztiak onartu zituela salatu dute. Horrez gain, diote, 2010eko ekainera arte udalaren gastuen gaineko kontrolik ez zela zehaztu. Ondoren, hala ere, plan ekonomikoa egin zen arren, udalak ez zuen bete.

Ikuskaritzarik ez

2011ko urrian Batean S. L. enpresak ekonomia onbideratzeko plana egiteko ikerketa hasi zuen. Gaur egun, oraindik, plan hori zein den ez dakite Bilduko kideek. EAJk agindutako ikerketak enpresa horrek egiten dituela ekarri dute gogora.Bidenabar, Bizkaiko Foru Aldundiari beste aldera begiratzea leporatu diote. Tutoretza ekonomikorik egin ez izana salatu dute, lan hori dagokion arren.

Egoera horren aurrean, zenbait eskaera egin ditu koalizioak. Udalaren zorra zenbatekoa den eta zelan sortu den argituko duen kanpoko auditoria bat eskatu du. Informazioa biltzen jarraituko dute, “egoera horren arduradunek euren errua onar dezaten eta fiskaltzak egoera horren berri izan dezan”. Kontu Publikoetarako Euskal Agentziaren laguntza eskatu dute egindako operazioen legezkotasuna eta udal kontuen egokitasuna aztertzeko. Udalarentzat bideragarritasunerako eta saneamendurako plana onartzea beharrezkotzat jo dute.