Arte eszenikoetako 22 konpainiak 48 ikuskizun egingo dituzte Bilboko kaleetan datorren astelehenean hasi eta zapatura bitartean. Kalealdia iritsiko da Kale Nagusiaren inguruetara eta Zazpikaleetako hainbat plaza eta bazterretara.
XIII. Kalealdia egingo dute aurten, eta, ohi bezala, nazioarteko eta bertoko konpainien presentzia izango da. Ikuskizunak denetarikoak izango dira: Umorea, fantasia, kolorea eta argia nagusi izango diren aire zabaleko animazioak, hip hop eta dantza garaikidea, txotxongilo erraldoiak, antzerkia, clown-ak, kaleko musika eta banda bitxi eta zaratatsuak, besteak beste.
Nazioarteko panoraman lehen mailan dauden konpainiei dagokienez, Luc Amoros aipatu dute antolatzaileek. Uztailaren 5ean taularatuko dute euren ikuskizuna, Arriaga plazan, 22:30etik aurrera, hain zuzen ere. Page Blance ikuskizunean zuzeneko musika eta pintura nahasten dituzte.
Compagine Circo Coliflor Frantziako estatuko konpainiak ere ikusle ugari erakarriko dituela aurreikusi dute. Salir lana aurkeztuko dute. 2011ko Umore Azokan ikuskizun onenaren saria eskuratu zuen lan horrek. Martitzenean eta eguaztenean interpretatuko dute, 22:30ean, Arriaga plazan eta Areatzako kaian. Elkarbizitzari eta haren alderdi zailenei buruzko ipuin txikia du oinarrian. Dantza eta antzerkia interpretatzen dituzte akrobatek, musikariek eta alegiazko pertsonaiek, zuzeneko musikarekin eta argiztapen berezia erabilita.
Astelehenean hasiko dute, dena den, jaialdia. Besteak beste, Collectif Nomadenko eta Salut L’Artiste taldeek euren edertasun salak instalatuko dituzte Foru jauregiaren inguruan. Makillajea eta ile apainketa benetako arte bilakatzen dute bi konpainiok, ikusleen partaidetzarekin batera. Salut L’Artista ile hezitzailea ezizenez ezaguna da. Ile adats bat, hostoak eta bestelako osagarriak erabilita, txori habiaz betetako sorkuntza lan surrealista bihurtzeko gaitasuna dauka.
Bertoko konpainiek ere lekua izango dute sei egunetako jaialdi honetan: Gaitzerdi Teatroa, Malas Compañias, Matrioska eta Anita Maravillas taldeen lanak ikusteko aukera izango da Bilboko kaleetan. Helena Golab dantzari eta koreografoak, bestalde, Pa.ti.N izeneko bere lehenengo muntatzearen estreinaldia egingo du eguaztenean, 18:45ean, Plaza Barrian.