Arteaz kalean, aire zabalean, gozatzeko aukera ematen duen Musikaire jaialdiari hasiera emango diote gaur Elorrion. Uda parteko urteroko jaialdi honek hamargarren urteurrena du, gainera.
Gaur hasi eta hilabetez, musika emanaldi ugari eskainiko ditu; besteak beste, Sortzez Garbiaren basilikan egingo diren musika klasikoko kontzertuak. Bergarako orkestra sinfonikoa, Gehi Zazpi taldearen biolontxelo kontzertua eta Alos Quartet izango dira bertan gaur, bihar eta etzi.
Aurten dantza, musika, antzerkia eta multimedia landuko dituzten ikuskizunak prestatu dituzte. Arteaz doan gozatzeko aukera izango da, beti legez.
Rock and roll doinuek datorren astean hartuko diote lekua musika klasikoari; uztailaren 6an, hain zuzen ere. Elliot Murphy estatubatuarraren gitarra erakustaldia izango da egun horretan. Uztailaren 7an, bestalde, 1950eko hamarkadara salto egiteko aukera eskainiko die Portugalgo Luisa Sobralek bere ekitaldia ikustera doazenei.
Tricicle taldearen umorea, Artean, Travelling Brothers, Treatrapo, Morboria, Hazmat, Modine, Fatoumata Diawara, Korrontzi eta Logela Multimedia izango dira uztaileko beste ikuskizunetako batzuk.