Peru Azpillaga Diez
Bestelako izaki mitologikoetatik harago, kondaira askok gaizkiaren eta ongiaren arteko gatazkaren testigantzak bildu izan dituzte. Hala, Euskal Herriko mitologiak gorde bezala, historian zehar hainbat izan dira deabruarekin hartu-emana izan duten euskal herritarrak.
Gaizkiak lurrean duen ordezkari nagusia dugu deabrua; ames- gaizto eta madarikazio zitalenen protagonista, akordio makurren maisua. Batzuetan tentazioaren arriskuei buruz ohartarazteko azaldu ohi da kondairetan, bekatuen zaindari eta bide okerraren gidari modura. Beste askotan, ordea, deabruaren presentzia testigantzazkoa baino ez da, guztiei gogorarazteko hor dagoela beti, bere abagunearen zain, inoiz ikusi ez arren, hainbat baitira deabruak har ditzakeen formak. Eta gutxien espero denean, gizakia gaizkiaren putzu sakonean hondoraino murgiltzeko prest azalduko da.
Leku eta toki askotan bistaratua izan da deabrua Euskal Herrian. Esaterako, orain aspaldi, Ondarroako Kobastegi familiak neguko gau ilun horietako batean topatu zuen, eta egun hartan bizi izandakoa bizirik da egun, belaunaldiz belaunaldi familiakoen artean helarazi ostean.
Gabon gau hotz batean gertatu zen. Osaba Manuel Txikiarenean kafea hartu ostean, Manex, Kobastegi familiako semerik gazteena, etxera abiatu zen ordu bata aldera. Kalean ez zen ezer berezirik nabari. Herriko etxeetako leihoek argia zuten oraindik, eta algarak eta ospakizun garrasiak nagusi ziren kale estuetan zehar. Etxera heldu zenean, Manex aitarekin gurutzatu zen.
Aita arrantza tresnak batzen ari zen. Itsasoa ondo zegoenez anguletara zihoala azaldu zion Manexi, eta, bere anaiak oraindik heldu ez zirenez, ea laguntzeko prest zegoen galdetu zion seme gazteenari. Gehiegi pentsatu gabe, esekitokian utzi berri zuen jaka hartu eta aitarekin batera abiatu zen, kalean behera, kaira bidean. Arrueta ingurura heldu zirenean, aitak txalupa hartu eta lokatzetan sartu zen, ur gutxi zegoen itsasadarraren zonalde batean. Manex, berriz, Simonen kaian geratu zen.
“Ba al dago ezer hortik?”, egin zion oihu aitak txalupatik. “Ezer ez”, erantzun zuen Manexek. “Etorri, bada, hona, angula dezente dago eta!”. Entzun eta egin. Tresneria hartu eta aita zegoen tokira abiatu zen Manex. Hara hurbiltzen ari zela, ordea, lokatzetan zerbait bazela sumatu zuen aitak; txerri moduko animalia basati bat. Txalupara hurreratzen ari zela ikusita, aitak, ikaratuta, txalupan zeraman palanka hartu eta itsasadarraren erdialdera bultzatu zuen ontzia, bertan sakonera handiagoa baitzegoen. Kaitik begira zegoen Manex, baina ez zuen ezer ikusterik lortu.
Ustekabearen ostean, arrantza utzi eta Alli baserrira abiatu ziren biak. Aita arte baten azpian geratu zen, eta Manex, berriz, baserriko sarreraren alboan, ortura begira. Goizaldeko ordu txikiak ziren jada, eta, ilargirik gabeko gaua zenez, iluntasunak soilik agintzen zuen. Bat-batean, ortutik zetorren ufada bat aditu zuen Manexek. Hasieran ez zion jaramon handirik egin, baina, handik gutxira, bigarren ufada aditu zuenean, urduritzen hasi zen.
Esku-argi bat hartu, eta ortura sartu zen Manex: “Nor arraio dabil hor?”, egin zuen oihu. Baina isiltasuna izan zen gazteak jaso zuen erantzun bakarra. Adi-adi zegoen ingurura begira, baina ez zen ezer ikusteko gai. “Zertan zabiltza?”, galdetu zion orduan aitak Manexi, zerbait gertatzen ari zela ohartu ostean. “Zertan? Bada, zarata handi bat entzun dut nire inguruan, baina ez dut ezer ikusten”, erantzun zuen semeak beldurtuta.
Urduritzen hasia bazen ere, garrantzia kentzen saiatu zen aita. “Baserritarren bat izango da, etorri hona”, bota zion. Manexek, ordea, ez zion sinetsi, eta aitak ere ez zuen inondik ere hala zenik uste. Artearen azpian elkartu ziren aita-semeak orduan eta, lo aurreko errezoak egin ostean, etxera abiatu ziren, lasaitasun faltsuz, arreta jarriz inguruan jazotzen zen zarata bakoitzean. Izan ere, aita urduri zegoen, gaueko gertakariekin ernegatuta. Hala ere, Manexi ezer ez esatea erabaki zuen, semea gehiago ez kezkatzearren.
Lo bapo egin zuten biek gau hartan, eta eguzkiak gogoz jotzen zuenean baino ez ziren altxatu. Bazkaldu ostean, gaueko gertakarien gaia atera zen familiakoen artean. Orduan, aitak aurpegia okertu eta Manexi zera aitortu zion: gauean ez ziola ezer esan nahi izan, beldur ez zedin, baina txalupan zegoela animalia hura hurbildu zitzaionean honakoa esan omen zion: “Edozein zarela ere, hurbiltzen bazara, palankarekin txiki-txiki egingo zaitut!”. Eta animalia desagertu egin zen.
Gerora, gau hartan Kobastegi familiari deabrua txerri itxuraz agertu zitzaiola zabaldu zen herrian. Gaur arte mantendu da kontakizuna.