“Lehenengo pertsonan garatutako bizitza baterako itxaropena eman dugu”

Adimen urritasuna duten pertsonei eta haien familiei laguntza ematen die Gorabide elkarteak, eta 50 urte bete ditu horretan. Urteurren horren balorazioa egin du Pablo Gonzalez (Santander, Espainia, 1957) elkarteko kudeatzaileak. Foru aldundiaren arabera, 5.300 bizkaitarrek dute adimen urritasuna; 4.500ek Gorabideren zerbitzuren bat jaso dute.

Mende erdi bete du aurten Gorabidek. Zelako balorazioa egiten duzue?

Balorazioa ona da; ez gure zilborrari begiratzen diogulako, emaitzak oinarritzat hartuta, baizik. 1962an familiak elkartu eta zerbitzuak izateko eta beharrizanak asetzeko borrokak hasi zituzteneko egoera eta gaur egungoa alderatzen baditugu, jauzia izugarria da; bai alor kuantitatiboan bai kualitatiboan.

Ezin ahatz dezakegu, gainera, adimen urritasuna zeukaten pertsona asko etxean sartuta bizi zirela; erabat ezezagunak ziren, ez zeukaten inongo balio sozialik. Hori, apurka, herriz herri, gurasoen eta beste jende askoren laguntzarekin aldatuz joan da, eta herritarren kontzientzietan sartzea lortu dute.

Hortik abiatuta, hainbat gauza landu dira: zentroak eraiki dira, ohikoa da pertsona horiek edozein lekutan ikustea, naturaltzat hartzen da beste edozein herritarrek dituzten eskubideak izatea… Beraz, egindako ekarpena ona dela deritzogu.

Zer aldatu da adimen urritasuna dutenen bizitzetan eta euren familien egunerokotasunean urte horietan guztietan?

Familiei dagokienez, bakarrik ez daudela sentiarazi die elkarteak; orain badaukate nora jo. Bestalde, bizitza betea izateko sostengua ematen die. Horrez gain, senideak elkartzeak proiektu gehiago garatzeko aukera ematen die.

Eta urritasuna daukaten pertsonei dagokienez?

Gorabideren antzeko elkarteek lortu dute lehenengo pertsonan garatutako bizitza bat izateko itxaropena ematea. Hau da, lanpostu bat lor dezakete, hezkuntza beste edozein umek bezala jaso dezakete… Hainbat jardueratarako aukerak zabaldu zaizkie. Esaterako, hainbat lorategi publiko urritasuna duten pertsonek zaintzen dituzte, metro geltokiak, plazak… Hainbat leku garbitzeko lana eurek betetzen dute. Ekarpen soziala bai, baina balioa ere bada. Azken finean, urritasuna izan arren, bizitza soziala edo beren ahalmenak —besteoi gertatzen zaigun bezala— garatu ahal izateko aukerak zabaldu ditugu. Hori da, nire ustez, egin dugun ekarpenik handiena.

Ikuspuntu sozialetik, bestalde, pertsona gisa gero eta balio handiagoa ematen zaie urritasunen bat dutenei. Pertsona kontzeptua azpimarratzen da, eta ez adimen urritasuna izatea.

Eta Gorabidek zer eskaintzen die?

Leku komun bat eskaintzen die, antolatua eta esperientzia handikoa; etorkizunaren aldeko borrokan jarraitu ahal izateko plataforma bat.

Zer sentitzen dute urritasuna duen ume jaioberri baten gurasoek lehen uneetan?

Familia asko ezagutu izan ditut, nahiz eta nik esperientzia hori bizi izan ez dudan. Hasieran ezustekoa da sendientzat. Kostatu egiten zaie onartzea. Edonork seme edo alaba bat duenean, bizitza eta etorkizun ona izan dezatela espero du. Asmo horiek pixka bat okertzen dituzten jazoera bati aurre egin behar diogunean, kolpe gogorra izaten da.

Adimen urritasuna sentimenduetan eta itxaropenean eragina duen alor bat da, eta gainditu egin behar da. Normalean, hasierako prozesu horren ostean, urritasuna dutenen sendiek beste guztiok egiten dugun gauza bera egiten dute: seme-alabak edo senide horiek aurrera ateratzearen alde borrokatu. Egia da, dena den, hasierako uneak zailak direla. Onartu egin behar duzu zure semea edo alaba beste era bateko babesa eta borroka eskatuko dituen egoera batean jaio dela.

Zer nolako aukerak dituzte bizitza autonomo bat garatu ahal izateko?

Urritasuna duen pertsona bati bizitzan zer gertatzea nahiko genukeen laburbildu beharko bagenu, gainerako guztioi gertatzen zaiguna aterako litzateke. Hau da, gustuko duzun bezala bizi ahal izateko aukera izatea, lagunak izatea, aisialdia izatea eta gozatzea, ikuskizunetara joan ahal izatea… Horretarako zer-nolako aukerak dauden? Hainbat euskarri eta babes: orientazio zerbitzuak, aisialdirako jarduerak, etxebizitzak eta eguneko zentroak, Lantegi Batuak fundazioaren bitartez, enplegurako eskaintzak… Gauza asko dauzkagu egiteke, baina gaur egun daukagun sarea handia da.

Sare hori eskualde guztietan berdintsu zabalduta al dago?

Bizkaia osoan daukagu presentzia. Egia da presentzia askotarikoa dela, baina populazioaren banaketak ere zerikusia du horretan. Batez ere, Bilbon eta Ezkerraldean eta Eskuinaldean dago presentzia nagusia. Hala ere, zentroak Markina-Xemeinen, Abadiñon, Lanestosan, Artzentalesen… Herrialde historiko osoan gaude. Beste zerbitzu batzuk, ordea, Bilboaldean kokatuta daude, eta herrialde osorako dira. Familia orientazioa, kasurako, Sondikan dago.

Autonomiarekin bizitzea lortzen al dute pertsona horiek?

Urritasuna duten pertsonen artean, oso kalte larriak dituztenak daude, batetik. Eta horien kasuan, bizitza kalitate handia izan dezaten saiatzen gara. Erabateko autonomia kasu horietan ezinezkoa da, oso menpekotasun handia baitute. Halakoetan, baina, okupazio eta aisialdi aukerak izan ditzaten saiatzen gara.

Beste kasu batzuetan, komunitatean bizi eta bizitza autonomoa izaten laguntzen diegu. Bizitza independenterako babesa eskaintzen duen zerbitzu bat daukagu: euren etxeetan edo unitate txikiko etxeetan bizi dira, eta alor jakin batzuetarako eskaintzen diegu laguntza. Esaterako, asteko erosketa edo etxeko lanen antolaketa egiten laguntzen diegu. Gainerako jarduerak euren kabuz antolatzen dituzte.

Beste batzuek, medikuarengana joateko laguntza behar dute, eta gainerakoan ondo konpontzen dira euren kabuz. Autonomia kontzeptua oso desberdina izaten da, pertsona bakoitzak duen adimen urritasunak dituen ezaugarrien arabera.