Garaituta eta zigorpean

Bilbo galduta, Kantabria aldera jo behar izan zuten euskal batailoi gehienek. Armadaren gutxiengo batek, Bilbon bertan eta Barakaldon amore eman zuten bitartean, gudari zein militziano talderik gehienak Ezkerraldetik, Trianotik, Zierbenatik, Muskitzetik… pixkanaka-pixkanaka hartu zuten erbesteratze bidea. Frankistek, aldiz, abagune horretan, argi zuten aurrerapenari ekin behar ziotela. Bilboren aurkako erasoaldian Mola ordezkatu zuen Fidel Davilak ozen esan zuen: “Ez eman aukerarik etsaiari berrosatzeko, ezta bere erretirada gauzatzeko ere”.

Bilbo lagata, armada erretiradan eta sakabanatua, Euzko Jaurlaritza militarki eta politikoki erabat ahulduta zegoen bitartean, Bilboko agintari berriak estatu faxistaren funtsak ezartzen saiatzen ziren. Hori dela eta, Botxo-ko lehen alkate faxista izan zen Jose Maria Areilzak aldarrikaturiko dialektika, “garaile eta garaituen” artekoa, oso azkar indarrean jarri zuten. Lehendabizikoek, garaileek, ordura arte bonbekin eta armen nagusitasunaz egin zutena, aurrerantzean dekretu eta zigor errepresiboen bitartez osatzera zetozen. Besteek, garaituek, ez bazuten alde egiten, izandako erantzukizun politikoaren arabera, hainbat mailatako jazarpena —Zigor Kodean nahiz militarrean azaltzen ziren zigorrez gain, ondasun konfiskazioak, naziotasun espainiarraren eta titulu akademikoen galera, irakaskuntzan aritzeko gaitasuna gabetzea…— pairatzeko biktima bihurtu ziren.

Izan ere, faxisten erabakiak, maila askotakoak izan arren, azkarrak bezain zakarrak suertatu ziren. Franco Bilboratu eta berehala, ekainaren 23an esate baterako, Burgosetik berak sinatutako dekretuaren bidez, Gipuzkoak eta Bizkaiak zituzten Kontzertu Ekonomikoak bertan behera gelditu ziren. Argudioa: “Armetan altxatu ziren uztailaren 17an hasitako mugimendu nazionalaren kontra, Estatuak haiekin izandako ezohiko eskuzabaltasunari traizioarekin erantzunez”.

Baina frankistek argi adierazi zuten desegituratze instituzionalez haratago joateko prest zeudela. Bizkaiko hiriburua eskuratu ostean azkartu egin zituzten epaiketak eta heriotz zigorrak, inolako errukirik gabe. Ekainaren azken egunotan, esate baterako, Esteban Urkiaga Lauaxeta poeta handi eta euskal kultur eragile ezaguna, gudarien komandantea izandakoa fusilatu zuten Gasteizko hilerrian. Baita harekin batera Alfredo Espinosa Oribe, Euzko Jaurlaritzako Osasun sailburu errepublikanoa ere. Lauaxetak bi hilabete zeraman preso, Gernikan apirilaren 29an atxilotu zutenetik. Espinosa, aldiz, atxilotu berria zen. Santanderrera Air Pyrenees konpainiako hegazkineko pilotu zen J. Yanguasek, Zarautzeko hondartzan frankisten esku utzi zuen ekainaren 21ean.

Alferrik suertatu ziren Euzko Jaurlaritzak horien bizitzak salbatzeko egin zituen ahaleginak. Hainbat preso trukatzea eskaini zuten, baina frankistek entzungor erantzun zuten. Astebete lehenago, Bilbo uzterako orduan, Leizaolak erakutsitako gizalegea —presoak askatzea, edozein mendeku edo desmasia saihesteko— faxistok erabat arrotza zutela bistan gelditu zen. Alegia, frankistek gerra hasi zutenetik erabili zuten indarkeria zorrotz bezain ankerrarekin jarraitzen zuten, heriotzari lehentasuna emanez. Garaile izanda ere, eskuzabaltasuna eta gizalegea zer diren ez zekiten.