“Murrizketak egin eta kontuak makillatu” izana egotzi dio PSE-EEk Bilbaori

Bizkaiko sozialistei ulergaitza egiten zaie iaz besteko diru sarrera aurreikusi izana Bizkaiko Foru Aldundiak 2012a ekonomikoki urte txarra izango dela iragarri arren. Hori horrela, Iñaki Egaña PSE-EEko batzarkidearen esanetan, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak agintaldiko lehen urtebetea “kontuak makillatzen” igaro du. Diru sarreretan dagoen gabezi hori estaltzeko, “%70eko murrizketak” egin izana leporatzen dio foru administrazioari.

Gainera, Bilbaok “EAJren bozeramaile lanak” egiten dituela iruditzen zaio Egañari, Eusko Jaurlaritzari oposizioa egiteko. Aldi berean, jeltzaleek PPrekin “hartu-eman ona” dutela dio ordezkari sozialistak. Aurrekontuak eta zerga arauak onartzeko “ezinhobeto” konpondu direla iruditzen zaio. Patxi Lopezek proposatutako fiskalitate aldaketa kritikatu ostean, Batzar Nagusietan hori berori onartu zuela gogorarazi dio Bilbaori.