Askotariko musika erritmo, doinu eta instrumentuek girotuko dituzte beste behin Zornotzako kale zein bazter guztiak. Eta bertaratutako familiek giro eder horrekin gozatzeko aukera edukiko dute asteburu honetan. Izan ere, gaur hasi eta etzi bukatuko da Haizetara jaialdia. Zazpigarren aldirako 41 taldek eta bandak eman zuten izena. Horietatik guztietatik bederatzi aukeratu dituzte antolatzaileek herrian zehar emanaldiak egiteko.
Kaleko banda eta musika taldeentzat egindako lehiaketa bat da Haizetara jaialdia. Horregatik, ez da harritzekoa estilo ugari entzungai egotea. Brass klasikoa, punka, hip hopa, perkusioa, Balkanetako musika eta hardcorea, besteak beste.
Herrialdeei erreparatuta ere, aniztasun handia dago, parte hartuko duten guztiak herrialde askotakoak baitira. Euskal Herritik, Europatik eta Amerikatik etorriko dira Zornotzara emanaldiak egitera: Orkestra (Euskal Herria), Pullup Orchestra (Suitza), South River Jazz Band (Portugal), Fanfarre Shukar (Errumania), Badabimbumband (Italia), Oompah Brass (Ingalaterra), Gadjo (Herrialde Katalanak), Wombo Orchestra (Frantzia) eta Pollerapantalon (Argentina).
Talde eta banden aurkezpen ofiziala gaur arratsaldean egingo da. Ondoren, emanaldiekin hasiko dira. Bakoitzak ezinbestean hiru kontzertu eman beharko ditu, antolatzaileek hala erabaki dutelako. Jaialdiko talde eta bandak osatzeko orduan, zenbait ezaugarri hartu dira kontuan. Ibilbidea, curriculuma eta kalitatea dira horietako hiru. Era berean, jatorria eta estilo aniztasunak berebiziko garrantzia dute, beste hainbat elementurekin batera.
Hainbat sari
Haizetara jaialdia lehiaketa ere badenez, zenbait sari banatuko dituzte antolatzaileek Zelaieta parkean. Parte hartzaile guztien lana musika eta arte eszenan aditua den epaimahai batek epaituko du. Txapelketako talde edo banda onenak 10.000 euro jasoko ditu. Instrumentu jotzaile egokienari, berriz, 1.000 euro emango dizkiote. Hirugarren saria berezia da. Izan ere, Ametx erakundearen kultura programaren barruan emanaldi bat egiteko aukera emango diote sarituari.
Ikusleak bere emanaldi gustukoena saritzeko aukera edukiko du. Sari horren garaileak 4.000 euro jasoko ditu. Herri bozketa bidez erabakiko da nor den entzuleen kutunena. Epaimahaiak eta entzuleek talde bera aukeratzen badute, botoetan bigarren denari emango diote antolatzaileek publikoaren saria.