Argindarra %10 merkeago Bedia eta Galdakaon, mozketen ordainetan

Urtea hasi zenetik Galdakao eta Bedia inguruan hainbat arazo izan dituela onartu du berriz ere Iberdrolak. Beraz, argindar mozketak sufritu dituzten 460 bezero ingururi fakturan %10eko beherapena egingo diela iragarri du, eragindako kalteen ordainetan. Beherapen hori egiten 2013ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta hiru hilabetez luzatuko du. Estimazioen arabera, 5.234 euroko beherapena izango da orotara.

Horrez gain, Iberdrolak zerbitzua hobetzeko konpromisoa hartu du Ibon Uribe Galdakaoko alkateak eta Aitor Sorriketa Bediako alkateak elkarrekin bidali zioten gutunari erantzunez. Argindar konpainiak epe labur, ertain eta luzera hobekuntza lanak egingo dituela hitz eman die. Berehalako neurrien artean, Bediako 3. argindar linea inguratzen duten arboladietan garbiketa egin eta zuhaitzetako abarrak moztuko dituztela iragarri dute. Gerora, Usansoloko (Galdakao) sarrera eta irteeran sare mozketarako organo bana jarriko dute. Horien bitartez, Usansoloko bezeroak aurrerantzean gerta daitezkeen matxuretatik babestu ahal izango dituzte, kontrola Bilbotik zuzenean hartuta. Azkenik, Bediako erreka ondotik doan linea lurperatzeko aukera aztertzeko asmoa du Iberdrolak.

Azken bost hilabeteetan sei argindar mozketa izan dituzte bi udalerriotako herritarrek. Larrienak otsailaren 28koa —17 ordu eta bost minutukoa— eta ekainaren 2koa —18 ordukoa— izan dira.