Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Bizkaiko Elkargo Ofizialak auzitara eraman du Bakioko Udalak onartutako ordenantza bat. Hain zuzen, lonjak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren puntu bati ondo ez diotela iritzi, eta haren kontra egin dute.
Arazoa ez da kontzeptua bera, hau da, aparejadoreek eta arkitekto teknikoak ez daude lonjak etxebizitza bihurtzeko operazioaren aurka. Izan ere, azken aldian joera horrek nabarmen egin du gora hainbat herritan. Besteak beste, Bilbo, Barakaldo, Basauri edota Santurtzin aukera horren alde egin dute hainbat herritarrek, etxebizitzen prezio altuen aurrean.
Bakioko Udalak ordenantza horretan egin duen moldaketa bat izan da polemika sortu duena. Hain zuzen, eraikinen azpiko aldeetan lokalak bizileku bihurtzeko eskaerak aurkezteko proiektuak ziurtatzeko eta sinatzeko aukera goi mailako arkitektoek soilik izatea da “zuzen eta legezko” iruditu ez zaiena.
Helegitea tramitera onartu dute auzitegiek. Hala ere, arkitekto teknikoen elkargotik herritarrei lasaitasunezko mezua helarazi nahi izan diete, arazoa profesionala baino ez dela azalduta.
Urtarrilaren 26ko ordenantza
Ordenantza berria joan den urtarrilaren 26an onartu zuen behin betiko udalbatzak. Kontrako arrazoiak jasotzeko epea zabaldu zutenean, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoaren eragozpenen berririk ez zuen jaso udalak. Horren berri oraindik ez zutela azaldu dute elkargotik.
Handik bi hilabetera izan zuten ordenantzaren aldaketaren berri, buletin ofizialean argitaratu ostean. Helegiteak aurkezteko epea agortu baino egun batzuk lehenago aurkeztu zituzten kontra egoteko zituzten arrazoiak epaitegian.
Arkitekto teknikoak eta aparejadoreak obren ziurtagiria sinatzeko aukerarik gabe uztea era horretako ordenantzak dituzten gainerako herri gehienetan ez dela gertatzen salatu dute. Bilbon eta Barakaldon, esaterako, profesional horien sinadurak onartzen dituztela esan dute.
Udaltzainen lan poltsa
Bestalde, Bakion bertan, udaltzainen lan poltsa eratzeko prozesuan irregulartasun salaketak egon dira. Hori dela eta, udalak lan poltsa zabalduko du berriz ere aste batzuen buruan.
Langileak hautatzeko probetan irregulartasunak izan zirela salatu zuen oposizioan dagoen Bildu koalizioak. Hain zuzen ere, joan den apirilean hasitako hautaketa probetan salatu dituzte irregulartasunak. Proba horietan parte hartu zuen hautagai batek ere salaketa egin zuen. Haren arabera, azterketetan ez zuten legea bete. Aurrez aurreko elkarrizketari dagokionez, esaterako, udaltzain buruak soilik puntuatu zuen, berak bakarrik egin baitzuen epaimahai lana.
Bilduk azterketa errepikatzeko eskaera egin zion alkateari, idazkariaren txosten batek ere gauza bera iradokitzen zuela azalduz. Hala ere, proposamen horri entzungor egin eta idatzizko proba soilik puntuatzeko agindua eman zuen dekretuz, Bilduk azaldu duenez. Horren ondorioz, dagoeneko hautaketa proba igaro zuten hautagai bi zerrendatik kanpo geratu ziren. Horren ostean, onartuen hasierako zerrenda ontzat eman zuen alkateak eta lan poltsa eratzeko oinarri berriak argitaratuko zituztela jakinarazi zuen.