Lanestosa hiribilduak urteak bete berri ditu: 725, hain zuzen ere. 1287ko ekainaren 6an Lope Diaz III.a Harokoa Bizkaiko jaunak hiri gutuna eman zien lanestosarrei. Bizkaian sortutako lehenengo hiribilduetako bat izan arren, ezezagunena da; ziurrenik, duen kokalekuagatik. Enkarterrin dago, mendebalderen kokatuta, eta 1,25 kilometro koadroko eremua du. Ehun etxe inguru dauzka, eta 263 biztanle. Karrantza eta Soba (Kantabria, Espainia) ditu mugako herriak.
Malda handiak igaro ostean zabaltzen den haranaren gainean dago Lanestosa; hura eta haren historia bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango da bihar eta etzi. Hiribildu zelan izendatu zuten antzeztuko dute bertako herritarrek. Lanestosako Udalak, Piñaburu elkarteak, Zallako Antifaz antzerki taldeak eta Trueba Enkarterriko ondarearen dibulgazio eta dokumentazio guneak antolatutako jarduerak dira asteburukoak. Herria ezagutarazteko aprobetxatu gura dute antolatzaileek. Egun nagusia bihar izango da. Hala ere, igandean ere antzezpenak egingo dituzte.
Txikia izan arren, Iberiar goi lautadatik Kantauri itsasora igarotzeko gune estrategikoa izanik, historia aberasgarria duen herria da Lanestosa. Lope Diaz Harokoak hiribildu izendapena eman zion Gaztela eta iparraldeko portuen arteko igarobidea kontrolatzeko kokaleku egonkor bat ezarri ahal izateko bertan. Izan ere, Laredoko (Kantabria, Espainia) portutik Iberiar goi lautadara Tornoetatik doan bidean dago herria. “Merkataritza bide oso garrantzitsua izan zen. Bestalde, besteak beste, Karlos V. a enperadoreak ere erabiltzen zuen Yusteko monasteriora (Caceres, Espainia) joateko”, azaldu du Ricardo Santamaria Trueba guneko zuzendariak.
Haren esanetan, “sasoi hartan Gaztelako Koroak, titulu horien bitartez, merkataritza bideetan kokatuta zeuden baldintza geografiko oneko herriak bereizten zituen”. Eta Lanestosari titulu hark “aitorpen handia” egin zion. Horrez gain, “populazioaren finkatzea eta mendeetan luzatu zen merkataritza garapen handia” ere ekarri zio herriari.
Paleolito garaira arteko gizakiaren aztarnak ere aurkitu dituzte bertan. Hala ere, askorentzat ezezaguna den herri horretan Erdi Aroko hiribilduen izpiritua gordetzen dute, gaur egun, oraindik. Eta agertoki horretan izango da historia gogorarazteko aukera.
Garai hartako arropak soinean dituztela antzeztuko dute lanestosarrek eurentzako historiako pasarte oso garrantzitsua izan zena. Pegasus konpainiaren laguntza izango dute bertako herritarrek, Erdi Aroan Lanestosa barik Fenestrosa izena zuen herrira salto egitea lortzeko. Hiribilduan urteetan egin diren lanbideak irudikatuko dituzte: besteak beste, meatzaritza, hargintza edota nekazaritza. Horretarako, artisauen saltokiak jarriko dituzte. Hiribildu forua emateko ekitaldia, zehatz zelan gertatu zen ez dakite; ezta Lope Diaz Harokoa bera titulu hori ematera Lanestosara joan zen ere. Dena den, ezagutzen dituzten datuetatik abiatuta antolatu dituzte ekitaldiak.
Bizkaiaren sorrera
Bestalde, Enkarterriren integrazioa Bizkaia eratzeko “atal garrantzitsua” izan zela ekarri du gogora Santamariak. “Gernikakoa baino foru zaharragoa daukagula gogoratu behar da. Bizkaia zeritzon proiektu hartan sartzeko erabakia eskualde honetako bizilagunen erabakia izan zen, gainera; ez bizkaitar guztiena”. Horren harira, azaldu duenez, “Lanestosa izan zen Gernikako Batzar Nagusietan parte hartzen hasi ziren Enkarterriko lehen herrietako bat”. Bizkaiko dantzarik zaharrena da arku loredunarena, eta hura ere gorde dute bertakoek.
Herriaren aberastasuna ezagutarazteko modua ere izan daitezke, antolatzaileen ustez, asteburuko ospakizunak. “Erdi Aroko egiturari eusten dion herri txiki bat da Lanestosa”, ekarri du gogora, haren berezitasun eta ezaugarriei aipamen eginez: “Harrizko kaleak ditu, eta oso ondo zaindutako etxe handiak. Herriaren ondarea areagotzen duten hainbat eta hainbat xehetasun ditu”, Santamariaren ustez. Haraneko paisaia ere aipatu du; baita inguruan nagusi den lasaitasuna ere.
Egunerokotasunari aurre egiteko dituzten arazoak ere ez ditu ahaztu nahi izan, ordea. Batetik, karrantzatik aise iristea ahalbidetuko duen sarbide baten beharra aipatu du. Bestetik, jende gehiago erakarriko duen eta lanpostuak sortuko dituen jarduera ekonomiko baten beharraz egin du berba. “Ezer baino gehiago, ordea, bidegabe pairatzen duen ahanzturatik ateratzea behar du herriak. Lanestosak eskaintzen diotena baino adeitasun handiagoa merezi du”. Asteburuko ekitaldiek hiribildua sustatzeko duten garrantzia azpimarratu du bide batez.