Egunerokoa

Nerea Ibarzabal

Zapatak, salbamendu-jakak, motxilak, txalupak. Errefuxiatuen bizitza zatiz —eta hilotzez— betetzen doaz Egear itsasoa eta bere kostaldeak egunero. Hilabete honen hasieran, baina, arropa baino zerbait are pertsonalagoa jaso zuten Dikiliko hondartzako ur ertzetik, Turkian: eguneroko bat.

Hürriyet egunkariak zabaldu zuen albistea, egunerokoaren orrialde pare baten argazki eta guzti; tinta urdinez idatzitako hizki arabiarrak ageri dira, ur gaziaren ondorioz lausotuta eta orri ertzak erreta. Jabearen izenik ez dakar, baina neska batena dela esan dute irakurri dutenek. Eta orain, gure jakin-min eta morborik ilunenak esnatzeko falta zen datua: gerrak hautsitako maitasun baten istorioa kontatzen du egunerokoak. Dudatan egon naiz xehetasunak idatzi edo ez, pertsona baten pribatutasuna urratzea delako funtsean eta arazoa kulebroitu dezakeelako, baina hipokrita xamarra litzateke nik istorioa irakurri eta nire morboa enpatxatu ostean lezio etikoak ematen hastea.

Siriatik Turkiarako bidaia deskribatzen du hasierako orrialdeetan neskak, nola ihes egin zuten berak eta bere familiak Damaskotik eta nola zeharkatu zuten Turkiako muga. Baina, batik bat, Besil izeneko mutil batenganako maitasuna kontatzen du orrialdero; batera gurutzatu zuten muga, baina mutilak Alemaniara alde egin zuen gero. Ordutik egoerari bueltarik eman ezinda bizi izan da neska siriarra, “barrutik hilda”. Sare sozialen bitartez jakin zuen Besil bizirik iritsi zela eta ondo zegoela, bizitza berri bat hasita dagoeneko; neskak, ordea, ezin izan zuen mutila burutik atera.

Turkiako kostaldera beste 31 gorpu iritsi eta denbora gutxira ekarri zuten olatuek egunerokoa. Izenik jakin gabe ezin da ziur esan jabea hildakoen artean ote zegoen, baina ziur egon gabe ere esan daitezke zenbait gauza eta oker ibili ez. Gertaera kurioso gisan zabaldu da notizi laburra Turkiako sare sozialetan, eramangarriagoa baita maitasuna darion drama, heriotza eta miseria darizkiona baino. Badirudi hildako bakoitzaren atzean istorio bat egoteak harritzen gaituela, badirudi olatuek goizero ehunka eguneroko busti bota ezean ez dugula sinetsiko pertsonak itsasoan itotzen ari direla une honetan bertan; ume txiki bakartien gorpuak, izenak, xehetasun pertsonalak behar ditugu enpatia sentitzen hasteko. Koadernoan idatzi gabe utzi zituen orri zuriez oroitu naiz, kontatu ezin izan zuen guztiaz, heriotzaz, hotzaz, beldurraz. Baina istorio hau egunerokoa da.