Nagusitasunak eta aulki dantza

Nagusitasunak eta aulki dantza

Aitziber Laskibar Lizarribar

Nagusitasunak zehaztea, galdutako eremuak berreskuratzea edo irabazitakoei ahalik eta gehiena eustea. Hori izango da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako lehia Bizkaian. 2016ko hauteskundeek eragindako astinaldiaren ondoren, aldaketak aurreikus daitezke egungo banaketarekin. Zenbaki dantza espero da. Elkarrekin Podemosek duela hiru urte lortutako nagusitasuna galduko du aurreikuspen guztien arabera, eta galera horrek noren alde egingo duen ikusteko dago.

Zalantzarik gutxien eragiten duen iragarpena EAJren ingurukoa da: bere gotorlekua du Bizkaia, eta berreskuratu egingo duela dirudi; duela hiru urte hartutako kolpeari buelta emango diola. 2016ko hauteskundeetan, Podemosen olatuak EAJ ere irentsi zuen. Bizkaian ere aurrea hartu zion, ordezkari kopuruan eta botoetan. EAJk bere gotorlekuko nagusitasuna galdu zuen, lehen aldiz. Elkarrekin Podemos izan zen garaile: botoen %28,86ekin, hiru eserleku lortu zituen. Alde txikiarekin izan arren —botoen %28,25ekin— bigarren geratu ziren jeltzaleak, eta Bizkaiko bi eserleku jaso zituzten Madrilen.

Babes galera handiarekin, hirugarren geratu zen PSE-EE, ordezkari bakarrarekin eta botoen %13,92rekin. PPk eta EH Bilduk ere eserleku bana jaso zuten Kongresuan; %12,69ren babesarekin PPk, eta EH Bilduk, behera nabarmen eginda, boto emaileen %10,91ren babesarekin.

Zortzi eserleku daude jokoan Bizkaian; Hego Euskal Herriko lurraldeen artean, gehien: Gipuzkoak sei ordezkari ditu, Nafarroak bost, eta Arabak lau. Azken inkestek ziurtzat jotzen dute EAJ izango dela nagusi, berriro, Bizkaian, eta zortzi eserlekuetatik hiru eskuratuko dituela, 2016an galdutakoa berreskuratuta.

Gizakerrek EiTBrentzat eta GAD3 enpresak Vocento taldearentzat egindako inkestak ez datoz bat bigarren lekua nori eman. EiTBk kaleratutako emaitzen arabera, Elkarrekin Podemosek beteko luke bigarren postua; 2016ko hiru eserlekuetatik bakarra galduko luke. Vocentoren arabera, berriz, ordezkari bakarrarekin, hirugarren postuan geratuko litzateke, EH Bildu oso gertu lukeela.

Izan ere, PSE-EE litzateke Bizkaian bigarren, Vocentoren arabera, gorakada nabarmenarekin —botoen %13,92 izan zituen duela hiru urte, eta %27 ematen dizkio orain—. EiTBk hirugarren lekuan jarri du PSE-EE, ordezkari bakarrarekin.

EH Bilduri, igoera apal bat aurreikusi diote bi inkestek, eta bosgarren posiziotik laugarrenera igaro dute. Horien arabera, duen ordezkaria mantenduko luke Bizkaian. PP izango da bosgarren, bi aurreikuspenen esanetan. Beheranzko joeran mantentzen dute biek, eta duen eserlekua galduko duela dio EiTBk; Vocentoren arabera, botoak gutxitu arren, mantendu egingo luke ordezkaria.

Mezuei dagokienez, nork bere jarrera defendatu eta aurkakoa kritikatu arren, guztiak datoz bat zerbaitetan: Espainiako Kongresuan eta Senatuan hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute Bizkaiko herritarrengan, eta garrantzitsua da han egotea. Iragarpenek ez dute garaile argirik zehazten Kongresuaren osaketan, eta euskal alderdiak gakoa izan daitezke balantzak alde batera edo bestera egin dezan.

Elkarrekin Podemos.
Giltzarri izan nahi

Giltzarri izan daitekeela dio Elkarrekin Podemosek; Espainiako gobernu berria “politika aurrerakoiei” begira jarri edo “eskuin muturraren menpe egon” baldintza dezakeela. Espainiako alderdi handiago baten zati izateak bere indarra areagotuko duela defendatu du, eta horrek ez duela baldintzatuko Euskal Herriari dagozkion gaietan euskal herritar gisa aritzea.

Mezu hori zabaldu du egunotan Roberto Uriartek, Espainiako Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, eta, euskal herritartasuna aipatu gabe, modu lausoagoan aritu da Pablo Iglesias Podemoseko burua Bizkaira etorrita. Bilboko Otxarkoaga auzoan izan zen larunbatean, zehazki, sendotasun irudia emateko. “Espainiak ez du zertan izan fatxek menderatutako herria”, esan zuen. Hala, PSE-EEren boto emaileen babesa eskatu zuen, ezkerrera egiteko “bermea” bera dela argudiatuta.

“Nazioaniztasunarekiko eta erabakitzeko eskubidearekiko konpromisoa” ere azaldu zuen, zehaztasun handirik eman gabe. “Gainontzeko lurraldeekiko solidarioa izango den Espainia nazioaniztuna” aldarrikatu zuen, “Madrilen dagoen gobernuarekin salerosketan” aritu gabe. Zuzenean aipatu gabe, hala kritikatu zuen EAJren jarduna.

Inkestek Elkarrekin Podemosi beherakada nabarmena iragartzen badiote ere, iritzi horiek ez ditu sinistu nahi Bizkaiko zerrendaburuak. Duela hiru urteko emaitzak errepikatu eta berriro lehen indarra izango den ustea plazaratu du, eta botoa eskatu die bizkaitarrei hala izan dadin. Sutsu aritu da kanpainan Uriarte, eta hunkituta ere bai zenbaitetan. Gogortasuna erakusten saiatu da. “Kaka zaharra den proiektu neoliberala prestatua digute, eta guk aurre egingo diogu”.

PSOEk Ciudadanosekin ituna egiteak eskuineko politikak ekarriko lituzkeela ohartarazi, eta hori saihesteko eskatu du botoa. “Duela lau urte adina arrazoi daude Podemos babesteko”.

EAJ.
“Euskadi Madrilen defendatzen duen bakarra”

Bi mezu nagusi ematen ari da EAJ, bere beharra aldarrikatzeko: batetik, eskuma geldiarazteko EAJ indartsua behar dela adierazi du; bestetik, Espainiako Kongresuan “Euskadi defendatzen duen bakarra” bera dela errepikatu du Kongresuan alderdi jeltzalearen bozeramaile den eta hala jarraituko duen Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburuak.

Gakotzat dute bere burua jeltzaleek. Eskumak bat eginda Espainiako Gobernua bereganatu dezakeela ohartarazi dute, baina botoa PSOEri emateak ere ez duela hori saihestuko; Ciudadanosekin akordioa egiteko aukera mahai gainean dagoela abisu eman dute. “Gaixotasun horri aurre egiteko txertorik onena EAJk du”, adierazi du Estebanek. “Nork nahi duzue baldintzatzea Pedro Sanchez, euskal autogobernuaren, Ekonomia Itunaren eta euskararen etsaia den (Albert) Riverak, edo EAJk, Euskadiren interesak Madrilen ondoen eta sendoen defendatzen dituen alderdiak? Horixe da apirilaren 28an Madrilen jokoan egongo dena: Espainia gehiago edo Euskadi gehiago”.

Hain zuzen, Espainiako Kongresuaren hurrengo legealdian “Euskadi ondo egoteko” modu bakarra Kongresuan EAJ “sendo” egotea dela dio; “alternatiba bakarra” dela. “EAJk bakarrik defendatzen du Euskadi han”, esan du Andoni Ortuzar EBBren presidenteak ere. “Eta hala izango da etorkizunean ere, euskal taldea izango dugun bakarrak izango garelako”. Podemos, PSE eta PP estatuko alderdi handiagoen menpe egoten direla azaldu du, eta, beraz, egiazki ez dutela Euskal Herriaren interesen arabera jokatzen. EH Bilduri, berriz, ERC alderdi katalanarekin elkarlanean aurkeztea aurpegiratu dio. Ordezkari jeltzaleek Madrila bidaiatzen jarraituko dutela ziurtatu du, baina “beti Euskadira bueltatzeko, hemengoak garelako, hemen bizi garelako eta Euskadi delako mugitzen gaituena”.

Autogobernuari heldu dio Ortuzarrek Aberri Eguneko hitzaldian, eta esan du “arrisku larrian” dagoela eta “blindatu” egin behar dela. “Hiru eskumak esaten ari dira, ez soilik ez dela autogobernua areagotu behar, baizik eta suntsitu egin nahi dutela”. Eta oharra igorri du: “Norbaitek Estatutu Ituna hausten badu, alderdi honen eta herri honen erantzun sendoa jasoko du. Zilegitasuna izango dugu egin nahi zaigun erasoaren tamainako erantzun politiko eta soziala emateko, betiere demokraziaren bidetik, noski”.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria ere aritu da autogobernuari buruz kanpainan.Sakontzeko nahia azaldu du, eta Madrilen EAJ “sendoa” beharrezkoa dela adierazi du, “Estatu eredu berri bat defendatzeko”. “Nazio errealitatea”, Kontzertu Ekonomikoa eta “autogobernu berezia” aitortuko duen eredua da aldarrikatu duena.

PSE-EE.
Beste inoren laguntzarik behar ez izateko

Gobernu sozialista nahi baduzu, hartu sozialisten botopapera, eta sartu hautetsontzian”. Patxi Lopez PSEren Bizkaiko zerrendaburuaren hitzak dira, “bitartekariak” saihesteari begira eginikoak. Gainerako guztiek bezala, Lopezek argi du igandeko hauteskundeen emaitzen arabera bi aukeretako bat gauzatuko dela Espainiako Gobernuan: PSOEk jarraituko duela gobernuburu, edo PPk bestela, Ciudadanos eta Voxen laguntzarekin. “Hiru eskumak” gobernura iristeak ekarriko lituzkeen “arriskuez” ohartarazi du PSEkoak; ongizateak eta eskubideek gainbehera egingo luketela.

“Ez dago erdibiderik”, esan du zorrotz Lopezek: “edo Pedro Sanchezek gobernatzen du, edo eskumak, eskuin muturrak baldintzatuta”. Hortaz, PSOE indartsua nahi duela adierazi du; gobernatzeko ordezkari nahikoa lortuko dituena, eta horretarako inoren laguntzarik beharko ez duena. Eskuak libre nahi ditu, inoren baldintza eta presiorik gabe gobernatzeko. Hori dela eta, “erdibideko botoen” baliagarritasuna zalantzan jarri du, eta Sanchezek gobernatzea nahi duenak botoa zuzenean PSOEri eman diezaiola eskatu.

Horixe esan die herritarrei Odon Elorza Gipuzkoako zerrendaburuak ere, EAJren eta Elkarrekin Posemosen boto emaileen babesa zuzenean eskatuta: “Garaipen argi bat behar dugu, ezinezko egingo duena hiru eskumek bere planak gauzatzea; Espainia 40 urte atzera eramatea litzateke bestela, eta Euskadi autonomiarik gabe uztea”.

Eta baikor da Patxi Lopez, oso. Boto asko berreskuratuko dituela seguru dago, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan lehen indarra izateko aukerak ikusten ditu. “Posible da. Lehen ere lortu genuen”.

PP.
“Burutazioak” alboratuko dituen aldaketa

Aldaketa aldarrikatu du PPren Bizkaiko zerrendaburu Beatriz Fanjulek; “Espainian hazkundea eta ongizatea sustatuko duen aldaketa politikoaren alde egiteko” eskatu die bizkaitarrei; ez dezatela “etsi”, ez delako beharrezkoa beste lau urtez “gorabehera, beldur eta burutazioetan murgildutako gobernuaren” menpe egotea. Egonkortasuna agindu du berak; “inbertsioa erraztuko duen lasaitasun politikoa”.

Ekonomiari heldu, eta “Euskadik Espainiaren lokomotor gisa zuen plaza berreskuratu” behar duela adierazi du, horretarako gobernu “sendoa” behar dela adierazita. PP da horretarako bermea, Bizkaiko zerrendaburuaren esanetan: “PSEren zerrendaburu Patxi Lopezek izan zuen aukera euskal abertzaletasunaren alternatiba izateko 2009an, baina gaur egun iragana da. Lopez ez da erreferentzia berri bat; zaharkitua dago, iragana da”, adierazi du hautagai gazteak.

Hain zuzen, gazteen premiei helduta, “hemen formatu diren euskal gazteek hemen lan egiteko aukera izan dezatela” eskatu du. “Euskadik beste erreferentzia batzuk behar ditu, erabakimen politikoa behar du inbertsioa eta lanpostuak sortuko dituzten proiektuak erakartzeko”.

Senaturako Bizkaitik PPren zerrendaburu da Raquel Gonzalez, eta “inertziaz botoa EAJri ematen diotenen” babesa eskatu du; “kudeaketa onari buruz saltzen duen irudia gezurra da”.

EH Bildu.
Aurrera egiteko “aukera fidagarri bakarra”

Inboluzioaren eta etsipenaren aurrean, EH Bildu da aukera fidagarri bakarra gure herriak aurrera egin dezan”. Behin eta berriz errepikatu du aurrera egin behar hori Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak. “Euskal herritar guztien ongizatea hobetzeari” begira egin nahi du aurrera demokrazia, askatasuna eta eskubideak oinarrian jarrita: “EH Bilduren bideak darama pentsioak duintzera, lan erreforma eta mozal legea indargabetzera, politika feministak indartzera, herriaren eta herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera eta, azken batean, herri honetako pertsona guztien bizitzak hobetzera”.

Trifatxitoa kontzeptua hitzetik hortzera erabili du; PPk, Ciudadanosek eta Voxek inboluzioa dakartela ohartarazi du, eta aurre egin behar zaiela. “Inboluzio demokratikoaren arriskua begien bistakoa da, eskuin espainolak sekulako arriskua direlako gure burujabetza, eskubide eta askatasun mugatuentzat”. Gainerako alderdiak “etsipenean” ikusten ditu, ordea, “gauden moduan geratzea” beste eskaintzarik ez dutela.

Arrisku horri aurre egiteko deia egin du Matutek, eurek hala jardungo dutela hitzemanda: “Eskuin espainolak geldituko ditugu, eta ez diegu gobernua osatzen utziko”. Eta “euskal herritarren interesak defendatzen dituztela dioten gainerako euskal alderdiei” konpromiso bera hartzeko eskatu die, “iraganera itzultzearekin amesten dutenei aurre egiteko”. EAJ ere Rajoyrekin eta PPrekin “negozioak egiten” aritu dela gogoratu du. “Faxismoari aurre egitea printzipio kontua da guretzat. Ez da negoziagarria. Faxismoarekin ezin da negoziatu”.

“Baldintza prekarioetan bizi eta lan egiten duten milaka herritarrak” ere ekarri ditu gogora, euren bizitza proiektuak duintasunez garatzeko aukera” aldarrikatzeko. Horretan ere eragin nahi du EH Bilduk, eta eragin dezakeela uste du: “ezkerreko subiranistak erabakigarriak izango gara hauteskundeen ondoren geratuko den mapa politikoan, herritarren bizi eta lan baldintzak hobetzea lortzeko”.

Besteak.
Ordezkari gabeko beste zortzi

Bost talde nagusiez gain, gaur arte ordezkaritzarik ez duten beste zortzi talde ere aurkeztu dira Espainiako Kongresurako hauteskundeetara Bizkaitik. Denetariko hautagaitzak dira, baina ezusteko handia litzateke horietakoren batek Bizkaitik ordezkaritzarik lortzea.

Horien artean entzutetsuenak Vox eta Ciudadanos dira, Espainiako eskuin muturra ordezkatuta zalaparta handia eragiten ari baitira. Jakin badakite oso zaila dutela Bizkaiari dagokion aulkiren bat eskuratzea, baina Euskal Herrira etorrita beste nonbait botoak lor ditzaketela eta, behin baino gehiago izan dira euskal lurretan kanpaina egiten. Oihartzunik handiena izan duena, berriz, Voxek Bilbon egindako ekitaldia da, kontrako protestak eragin eta liskar handiak piztu zituena.

Bizkaian ez eta Euskal Herrian ere ez, baina Espainiako lurretan ordezkari asko espero dituzte. Are, Kongresuan eserleku gehien izango dituztenen artean daude: Ciudadanos hirugarren kokatzen dute inkestek, eta Vox bosgarren. Espainiako Gobernua osatzeko giltzarria izan litezke.

Bizkaian ordezkaritzarik ez duten gainontzeko hautagaitzen helburua haien aldarrikapenak entzunaraztea da. Horien adibide da aurrez ere zerrendak aurkeztu dituzten animalien tratu txarren aurkako PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde eta PCTE talde komunista. Aurreko hauteskundeetara aurkeztu zen UPyD alderdiak ez du, oraingoan, hautagaitzarik aurkeztu. Ezta Aulki Zuriak taldeak eta Ongi Etorrik ere.

Horien ordez, beste hiru aukera berri izango dira: Familia y Vida, Partido de Accion Solidaria Europea eta Por Un Mundo Mas Justo.