Gitarrak markatutako kolpeak

Bilbao 700 Fundazioak, Bilbao Flamenco elkartearekin lankidetzan, flamenko jaialdia antolatu du asteburu honetarako. Bart entzun ziren hiriburuan aurreneko gitarra doinu eta takoi kolpeak. Gaur, eta bihar ere, musika eta dantza estilo horretaz gozatzeko aukera egongo da. Aurrenekoz egin den jaialdi honetako artista gonbidatuak dira Miguel Poveda, Manuela Carrasco eta Vicente Amigo. Povedak bart ireki zuen egitaraua asteSano izeneko emanaldiarekin. Campos Eliseos antzokiko oholtza gainean izan zen, bere gitarrak lagunduta

Gaur, berriz, Manuela Carrasco flamenko dantzariak eta bere konpainiak hartuko diote lekukoa. 20:00etan hasita Suspiro flamenco izeneko ikuskizuna taularatuko dute, Guggenheim Bilbao museoaren auditoriumean. Carrascoren beraren dantzak, konpainiako flamenko dantzari laukotearen dantzak eta La Susi izeneko abeslariaren kantak tartekatuko dira ikuskizunean. Agertokian, alde batean cante kantariak, bestean gitarrista eta kutxa, eta erdian Enrique el Extremeño kantari ezaguna izango dituzte lagun.

Biharkoan Bilboko Elkarte Filarmonikoaren antzokia izango dute erakusleku. Vicente Amigo abeslari kordobarra igoko da oholtzara. Flamenko tradizionala beste musika estilo batzuekin nahastea gogoko izan du betidanik. Une honetan flamenko musikarien artean entzutetsuenetakoa da. 2009an grabatu zuen azken diskoa: Paseo de Gracia. Orain hurrengoarekin dabil.

Kontzertu nagusi horietaz gain, Hesperia hotelean eta Secotel Coliseo hotelean gaueko emanaldi intimoagoak izango dira gaur eta bihar, 23:00etan hasita. Horrez gain, igandera bitartean, Secotel Coliseo hotelean Retratos flamencos izeneko argazki erakusketa dago ikusgai. Erakusketarako sarrera doakoa da.