Truke azoka antolatu dute Elorrioko hainbat elkartek domekarako

Elorriok aurreneko truke azoka izango du domeka honetan. Beste herri batzuetan egiten duten legez, elorriarrek behar ez dituzten objektuak haien beharrizana izan dezaketenekin trukatzeko aukera izango dute etzi. Herriko hainbat elkartek antolatutako azoka da. Herriari bizitasuna eman eta elorriarren arteko hartu-emanak sendotzea da azoka honen helburua. “Hartu eta eman, hori egin gura dugu; norberak emateko daukana eskaini, eta kontsumoan zentratu barik jende arteko erlazioetan sakontzea da asmoa”, azaldu dute antolatzaileek deialdian.

Elorrioko plazan egingo da azoka, eta 10:00etan hasiko da trukea. Parte hartzeko baldintza batzuk bete behar dira. Edonork izango du horretarako aukera, talde zein norbanakoek. Baina eramango duten objektuak baliagarria izan behar du. Alegia, trukean jasoko duenarentzat zerbait erabilgarria izan beharko du, ezingo da hondatuta egon, alegia. Trukatu nahi den objektua handia bada, azokara haren argazkia eramateko aukera eskaintzen dute antolatzaileek, eta trukea beste egun batean egin. Umeen eta nagusien guneak bereiziko dituztela ere iragarri dute. Debekatuta dago dirua erabiltzea.