Urtebete igaro da foru hauteskundeetan Bildu koalizioak Bizkaiko Batzar Nagusietan hamabi ordezkari lortu zituenetik. Urteurrena aprobetxatu dute balantzea egin eta herrialdearen egoera zein den aztertzeko. Taldearen orain arteko bozeramaileak, Zuriñe Gaintzak, argi dauka: “EAJk, batez ere foru aldundiaren bitartez, oso irudi ona saldu nahi du, baina Bizkaia ez dago orain dela urte batzuk bezain ondo. Krisia hona ere iritsi da, eta langabezia tasek hori erakusten dute”.
Batzarkideek diotenez, gaur egungo Bizkaia ez da Bilduk nahi lukeena. Horregatik, “hainbat borrokarekin bat” egin dute urtebete honetan. Hauek izendatu ditu Gaintzak: metroko lan gatazka, Gueñeseko Konectako behargin kaleratuak, Muxikako Inama enpresaren itxiera, etxe husteak eta Mungiarako trena berreskuratzeko aldarrikapena, besteak beste. Gainera, Batzar Nagusiak erakunde “ezezagunak” direla diote. “Saiatu gara herritarrak guregana hurbiltzen, eta alor askotan herrietan hasitako borroken jarraipena egin dugu. Kontua da beste alderdiek ez dutela gure moduan bizi Batzar Nagusiak irekitzeko asmoa”.
Gaintzak dio “fronte asko” daudela irekita. “Gu, batez ere, hirutan zentratu gara: azpiegitura handiek ekarri diguten egoera negargarria salatu dugu; gizarte laguntzen eskasiak zer ekar lezakeen jakinarazi dugu, eta iruzur fiskalaren gezurrak agerian uzten dihardugu oraindik ere”.
Gaintzak berak eta Idoye Erraztik bozeramaile lanak utziko dituzte, eta Irune Sotok eta Aitor Torrek ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren.