Emilio Mola ez zen oso zaharra hil zenean, 1937ko ekainaren 3 hartan 50 urte baino ez baitzituen. Hala ere, ordurako ibilbide militar luzea egina zuen. Afrikako kanpainetan hazia, eta sariz ongi hornitua. 1930eko hamarkadan Espainiako DGS delakoaren burua izan zen bitartean aski erabili zituen bere bitarteko errepresiboak ikasleak eta ezkertiarrak zanpatzeko. 1935az geroztik, armadan berronartua izan ondoren, Errepublikaren aurkako konspiratzaile garrantzitsuenetakotzat jo izan dute lekukoek zein historialariek. Izan ere berak gogokoa zuen Zuzendari goitizena peto-peto zihoakion, 1936ko gerra prestatze lanen karira.
Gerra hasita, Yagüe, Franco eta Millan Astray hegoaldeko armada faxistaz arduratzen ziren bitartean, Iparraldeko frontea delakoan berau izan zen matxino eskuindar guztien buru nagusia. Gipuzkoako konkista amaiturik, indar guztiekin, Bizkaiaren aurkako erasoaldian erabat sarturik zegoen 1937ko martxoaren 31z geroztik. Egoera bitxi samarra zen, Madril hartzea ezinezkoa zuten frankistek eta lehentasuna osoa zuten Bilbo eskuratzea. Horren ondorioz, Bizkaiko hiriburua hartuko zuenaren ospea ere ez zen makala izanen. Izan ere, Francoren agintea gero eta handiagoa zela eta, gainontzeko general matxinoak bigarren mailan gelditzen ari ziren egunetan, Bilbo irabazteak indartuko zuen Molaren ahalmena eta agintea.
Zuzendari gisa ezagunak Gasteiztik bertatik zuzentzen zuen Bizkaiaren aurkako oldarraldia, behin eta berriro mehatxuak bidaliz, eta baita frontera gerturatuz ere. Ezagunak ditugu mehatxuz beteriko oktabilak “Bizkaia osoa deuseztuko dot” eta antzekoak ziotenak, baita berak egindako hurbiltze txangoak ere. Ekainaren 2an, esate baterako, bere heriotzaren bezperan, Zornotzaraino joan zen, fronte lerroa gertu-gertutik ikusteko.
Egun hartako gauean, Gasteizko Fronton hotelean afaldu zuen, jatetxean zeukaten erreserbatuan, bere gertukoenekin; Felix Maizekin eta Garcilaso El Tebib Arrumi-rekin. Horien testigantzei esker dakigu bere kezka ez zegoela frontean. Nahi izanez gero, ahalmen suntsitzaile nahikoa zuen bere mehatxu ahobero oro gauzatzeko. Ardura Salamancan zeukan. Hori dela eta, hurrengo egunean, ekainaren 3an, Burgosen bilkura garrantzitsua zuen gerra estrategiaz mintzatzeko, baita gerra frontez eraldatzeko egin omen zioten proposamena edo aginduaz eztabaidatzeko ere.
Sekula ez da argitu azken auzi hori. Izan ere, Burgosera iritsi zelarik, hilik zegoen Mola. Aire istripuz hil baitzen egun horretako 10:00ak jota zeudela. Lainoa omen zegoen Brujula mendi aldean eta Mola zeraman hegazkinak, atzera egin nahian, Castil de Peonesen eta Alcoceroren arteko muino baten aurka jo zuen. Berarekin batera zihoazen Chamorro pilotoa, Gabriel Pozas laguntzailea eta gainontzekoak ere hil egin ziren. Guztiak txikituta gelditu ziren mendixka horretako maldetan. Molak zeraman jeneralaren gerriko gorriari esker ezagutu ahal izan zuten bere gorpua hara bertaratu zirenak.
Laudorioak laudorio, Quid Prodest galderak Francorengana bideratzen zituen istripu horren susmoak. Alemaniako enbaxadoreak erran zuen gisan: “General gorena [Franco] ezbairik gabe Molaren heriotzarekin arindua sentitzen da”. Altxaldiaren antolatzaile nagusia desagerturik, Francoren agintearen inguruan izan zitezken mehatxuak ere ahuldurik zeuden. Ez da harritzekoa, beraz, heriotza horren inguruan susmoak indartzea. Lainoaren ondorioz izandako istripua ala eragindako matxurak betiko eraman zuen suz eta burdinez heriotza barreiatu zuen hiltzailea. Berarekin, behingoz, bete egin zen burdinez hil duena burdinez hiltzen da leloa. Egun, lotsak lotsa, Iruñean dagoen mausoleo faxista erraldoian dago Zuzendariaren gorpua.