Gerezi eskaintza plazan

Gereziaren jaia

Barakaldo

Gereziaren VII. jaia ospatuko dute Barakaldoko Errekatxo auzoan bihar. Udalak auzo elkarteen laguntzarekin antolatutako festaren barruan, nekazaritza eta artisautza azoka egingo dituzte elizaren ondoan.

Urtero legez, bertako baserritarrek jasotako gereziez gain, besteak beste, artisautza produktuak, txakolina, gazta, ogia, ortuariak eta euskal pastela erosteko aukera izango da. Egun osoko jaialdirako, dena den, hainbat ekitaldi eta jarduera prestatu dituzte.

10:30ean zabalduko dituzte azokako 24 saltokiak. Ordu erdi geroago, udaleko Txistularien Bandarekin batera, kalejira hasiko da feriako eta Errekatxoko kaleetan barrena. Ordu horretan bertan, 2012ko Katxete boloen denboraldiari hasiera emango dion lehiaketa hasiko da.

11:30ean zabalduko dute Barakaldoko Historia eta Ingurumen Interpretaziorako Zentroan (CIHMA) Felipe Manterolaren argazki zaharren erakusketa: Argazkilaria landa gizarte batean. 15:00etara arte bisita daiteke. Irailaren 23ra arte egongo da zabalik.

Bestalde, 12:00etarako, binakako esku pilota partida erakustaldia antolatu du Gure Pilota eskolak. Mikel Goñi gonbidatu dute erakustaldira.

12:30ean, Barakaldoko Musika Bandak kontzertua eskainiko du kalejira baten bitartez. Trikitilariek ere giroa alaituko dute euren doinuekin, goiz osoan, azokaren eremuan.

Barakaldoko Udaltzaingoaren zakurren erakustaldia prestatu dute, bestalde, 17:30erako. Ordubete geroago, 18:30ean, herri kirolek hartuko dute tartea. Aizkolariak eta harri-zulatzaileak ikusteko aukera izango da. El Despiste fanfarrearen musikak girotuko du arratsaldea.

Ohiturari jarraituz

Tradizio handiko jaialdia da bihar Barakaldon egingo dutena. Baserritarrek udaberrian loratu diren gereziondoetako fruituak jaso ondoren, horiek saltzeko azoka berezia antolatzen zuten antzina. Bat-batean, ordea, Barakaldoko Udaletik gogora ekarri dutenez, utzi egin zioten azoka antolatzeari. 2006an udalak ohitura hori berreskuratu zuen, eta aurten, zazpigarrenez ospatuko dute.