Arrazoiak eta ezaugarriak aldatzen joan dira

Krisiaren eraginez, gora egin du Bizkaian etxerik barik geratu direnen zenbatekoak. Hainbat dira daukaten guztia galdu eta kalera jo beste irtenbiderik izan ez dutenak, nahiz eta gaur egungo egoeraren datu zehatzik ez egon. Azken hamar urteetan gora egin du, halaber, etorkinen taldeak, ia-ia etxerik bako gehienak kanpotik etorritako gazteak direlarik.

Ekonomiaren hotzaldia hasi aurretik, 2005ean egin zuen Eustat Eusko Jaurlaritzaren estatistika institutuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxerik bakoen inguruko azken ikerketa. 2009an, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz, Bizkaiko etxerik bakoen soslaia eta beharrizanak izeneko azterlana argitaratu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat irakaslek —Xabier Aierdi, Jose Antonio Oleaga, Gorka Moreno, Iratxe Herrero eta Iban Alonso de Armiño—.

Bizkaiko etxerik bakoek betidanik honako ezaugarri hauek izan dituzte. Batez beste, 45 urte inguru dituzte, eta gizonezkoak dira. Alkoholarekin eta drogekin arazoak dituzte, eta gizarte bazterketa sufritzen dute. Bi ikerketa horien arabera, heroina, kokaina edo biak kontsumitzen dituzte; baita haxixa eta alkohola ere. Emakumeak ere badira tartean, noski. Ezaugarri horiez gain, beste bat ere badute multzo horretako andreek: prostituzioan aritu behar izan dute.

Azken hamar urteetan, ordea, immigrazioak bestelako ezaugarriak dituen jendea bultzatu du aterperik barik bizitzera. Etxerik bakoen batez besteko adina gaztetu egin dute etorkinek. Izan ere, Magreb ingurutik datozen gazteek ez dute aurkitu hemen euren herrialdean gizarteratzen laguntzen zieten sarearen parekorik. Hala, kalean bizitzea beste erremediorik ez dute askotan. 2009ko ikerketa horretan daude jasota Bizkaiko azken zenbaketak. Herrialde historiko honetako etxerik bakoen %45 etorkinak zirela zioen EHUko irakasleen azterlanak. Ez dute drogak kontsumitzeko ohiturarik. Hala ere, Magreb ingurutik datozenek alkoholismoan erortzeko arriskua dutela dio ikerketak. Izan ere, euren herrialdean ez bezala, hemen errazago dute alkohola lortzea, eta, ohiturarik ez dutenez, ez dituzte ondorioak neurtzen, eta mendekotasunean erortzen dira. Dena den, azterlanaren emaitzek argi uzten dute etorkinen artean gutxiengoa direla alkoholikoak.

Etxerik bako etorkinen jatorriari dagokionez, esan bezala, gehienak Magreb aldekoak dira, Aljeriakoak eta Marokokoak batez ere. Gainontzekoak, neurri apalagoan bada ere, Saharaz azpiko Afrikatik eta ekialdeko Europatik etorritakoak dira.

Azken urteetan, hala ere, etorkinez eta betiko soslaia ordezkatzen dutenez gain, gora egin dute egoera normalizatua duten bertokoek. Ikertzaileok ohartarazi dutenez, edozein gizon-emakumek bizitzan batez beste lau edo bost muturreko egoera bizi ditu. Halako egoerak elkarren atzetik edo batera sufritzeak ezegonkortasuna eragiten du, eta gerta liteke normaltasuna hausten hasi eta etxerik barik bukatzea. Adibidez, guraso bakarreko familietan ikusten da arrisku hori, eta krisiak larritu egin du. Gizarte mailaketan behera egiten duten horiek ez dira egoten droga mendekotasunari edo alkoholismoari lotuta. Heziketa eta prestakuntza jaso izan dute; geroz eta gehiago dira kalean bukatzen duten unibertsitate ikasketadunak.

Soslaia, datutan

Gaur egun, bada, Bizkaiko etxerik bakoen %75 gizonezkoak dira, eta, batez beste, 38 urte dituzte. Adinari eta sexuari erreparatuz gero, deigarria da honako hau: gizonezkoen erdiak (%44) 30 eta 44 urte artekoak dira, eta emakumeen erdiak (%45), berriz, 18 eta 29 urte artekoak. Kalean bizi diren hamar andretik zazpik seme edo alabak dituzte. Gizonezkoen kasuan, ordea, hamarretik lau baino ez dira aita.

Etxerik bakoen %57k bigarren hezkuntzako ikasketak bukatuak dituzte; %14k goi mailako ikasketak ere egin dituzte, eta %40k ez dute inoiz legez kanpoko drogarik hartu. Azterlan honekin, Jaurlaritzak beste ohar bat ere egin du, osasunari lotutakoa: aterpe bakoen %25ek buruko gaixotasunen bat daukate. Gehienek daukaten gaixotasuna egoerak eragindako depresioa izaten da. Gizon eta emakume horien bizi-itxaropena gainontzeko herritarrena baino 25 urte laburragoa da, batez beste.