Duintasuna gogoan

Zenbat jendek egin zuen ahalegina bere herria eta bere familia babesteko, bere ideak eta orduko demokraziaren haziak defendatzeko”. Hala azaldu du Josi Sierra Orrantia Galdako Gogora oroimen historikoa berreskuratzeko koordinakundeko kideak bihar zer izango duten gogoan, Bekea aldean, Galdakaon, Burdinazko Gerrikoko berreskuratutako zenbait bunker eta lubaki ikusteko antolatu duten ibilaldian.

1936ko gerran Errepublikaren defentsan borrokan aritu ziren gudariek zulo barruetan eta lur azpiko gotorleku txikietan bizi zutenaren irudipena egiteko moduko ibilaldia izango da. Bekea eta Usansolo arteko historiako zenbait gertaleku bisitatuko dituzte. Urgoitiko bidegurutzea defendatzeko lubakiak ezagutuko dituzte parte hartuko dutenek.

40 bunker eta lubaki

Mendirik mendi ibili dira elkarte horretako kideak, eta Galdakaotik oso gertu 40 bunker eta lubaki aurkitu dituzte. Metrailadore habiak ere ikusteko aukera izango da. Guztiak gerra krudel batean gertatutakoak ez ahazteko. Bunker gehienek sabaia falta dutela ikusiko dute bisita egiten dutenek. Adituen arabera, 1948an kendu zizkieten, antza.

Aurreko astean egin zuten lehenengo ibilaldia. Zapatuan 130 pertsona inguru elkartu ziren Altamira aldeko bunkerrak eta defentsak bisitatzeko, Sierra Orrantiak nabarmendu duenez. Historiako pasarteak gogorarazteaz gain, frankistek Galdakao bonbardatu zuteneko 75. urteurrena ere gogoan izan zuten.

Biharko ere antzeko plana prestatu dute. 09:00etan jarri dute ordua udaletxe aurreko Kurtzeko plazan. Bisita bukatu ostean, mokadua izango dute, Bekea auzoan. Parte hartu nahi duenak ez du aurretiaz izena eman beharrik.

Hainbat herritarrek eraiki zituzten defentsarako bunkerrak hilabete gutxitan, eta urteetan ahaztuta zelan gelditu ziren ikusi ahal izango dira. Historiako pasarte hura ez ahaztea nahi du koordinakundeak, eta, Galdakao inguruan bertan egonik, gertatutakoaren lekuko izandako tokiak gordetzearen alde agertu da.

Bestalde, joan den igandean Galdakaoko herritar talde batek ikur frankistak kendu zituen herriko kaleetatik. Francoren garaian jarritako kale izen batzuen txartelak kendu zituzten, hain zuzen ere, herria bonbardatu zuteneko 75. urteurrena bete zen biharamunean. Jarduera horretarako, ikurrinak, Errepublikako banderak eta bandera anarkistak zeramatzan kamioi bat prestatu zuten. Eta haren gainean ibili ziren Eusko Guradiak eta Ay, Carmela kantak abestuz. “Duintasunagatik” egin beharreko lana iruditzen zaio taldeari. Hala ere, gogora ekarri dute legeak ere hala agintzen duela.

Igandeko jarduera horren ostean, diktadura garaiko sinboloak kaleetatik kentzeko erabakia hartu du Galdakaoko Udalak. Galdakao Bizirik-Ezker Anitza taldeak pozik hartu du albistea; erabakitakoa orain bete egin behar dela dio, hala ere, Oscar Diaz kideak.