Interpretazio zentroko azalpenak, lau hizkuntzatan

Bisitariek euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez zein ingelesez jaso ahal izango dituzte Santurtzi Itsasoa interpretazio zentroko azalpenak. Izan ere, turismo bulegoan nortasun agiria uzte soilarekin, turistek aukera izango dute bideo emankizun ugari eskatutako hizkuntzan ikusteko. Santurtziko Kultura zinegotzi Danel Bringasek azaldu duenez, bisita horiek pertsona itsu eta gorrentzat ere egokituta daude. Haren hitzetan, santurtziarrek doan egin ahal izango dute interpretazio zentroak proposatzen duen ibilbide historikoa; turistek, berriz, hiru euro ordainduta, aukera izango dute kofradiara, Santurtziko dorretxera eta Agurtza interpretazio zentrora sartzeko, herriaren inguruko ezagutza osatzeko.