Joachim Hans Wandel Condor Legioko hegazkin gidaria maiatzaren 14an lurreratu zuten, Larrabetzu aldean. Atxilotu ostean, 11 egun beranduago, epaiketa izan zuen Bilboko Herri Epaitegian. Gezurti handia omen zen; saiatu zen bere benetako izaera eta gerran izan zuen partaidetza desitxuratzen. Alemaniako militarra zela aitortu ordez, arkitektoa zela zioen, eta mertzenario edo boluntario gisa etorri zela Espainiara. Bere agendan izkiriatuta azaltzen zen Gernika apirilaren 26a, neska batekin hitzorduren bat zela zioen. Azkenean aitortu egin zuen, Berlinetik Erroman barrena Sevillara etorri zela, beste Condor Legiokide batzuk bezala. Era berean, onartu egin behar izan zuen Gernikatik apirilaren 26an igaro zela, bere Heinkel ehiza hegazkinarekin, baina, gezurrari eutsiz, inolako bonbardaketarik ikusi gabe, “herria zutik baitzegoen”.
Logika guztiarekin heriotza zigorra ezarri zioten, gaurko egunez. Hala eta guztiz, berehala indultatu zuen Euzko Jaurlaritzak honako hau esanez: “Gobernuak zigorrak betearaztea atzeratu egin du, nazioartean indar faxistek Espainiako gerra zibilean parte hartzeko izan ditzaketen arrazoiak indargabetzeko. Aldi berean, gerra presoak trukatzeko aukera lantzen ari dira”.
Inozokeria handia zen azken hori sinistea. Izan ere, egun horietan, Frantzia aldean, Parte Ez Hartzearen Batzordeak, Bilbo laguntzeko Espainiako gobernu errepublikanoak bidali zituen hegazkinak Paueko zein Tolosako (Okzitania) aireportuetan bahitu zituen, egun batzuk beranduago, indarrez, Bartzelona aldera itzularazteko. Bitartean, hegazkin nazifrankistak, inpunitate osoz, jaun eta jabe ari ziren Euskal Herriko zeruan. Egun horretan bertan, maiatzaren 25ean, hiru aldiz —06:00etan, 08:00etan eta 10:15ean— Bilboratu ziren hegazkin frankistak, Arrigorriagan, Sestaon, Portugaleten eta Bilbon bertan ere euren heriotza zamak jaurtikiz. Madriletik gertu zegoen Algeteko aireportutik hegazkin errepublikano hainbat bidali zituzten Bizkaiara, baina, maiatzaren 27an eta 29an frankistek egindako aire erasoen bitartez txikitu zituzten Lamiakon bertan. Hori dela eta, euskal armadaren hegazkineria hutsetik gertu gelditu zen. Nagusitasun horrekin, frankistak Lemoa aldean egiten ari ziren erasoaldiak aurrera egin zuen, Igorre, Artea eta Lemoan zegoen lerro frontea, maiatz bukaeran puskatuz, eraso eta kontraeraso asko izan ziren arren.
Eskualde horretatik oso gertu zuten Burdinazko Gerrikoa, Bilboratzeko gelditzen zitzaien oztopo bakarra. Baina horretarako ere, gerra horretan erabakigarriena suertatu zen hegazkineria, Joachim Hans Wandelen antzekoei esker eta nazioarteko begiraleek sustatutako sasi neutralitateari esker, beraien alde izanen zuten. Bilboren patua, idatzita zegoen. Ez Bilboko erabaki militarretan, ezta epaitegietan emandakoetan ere, baizik eta Londresen hitzartutako parte ez hartzeko politika maltzurrean. Berlini, Erromari eta Burgosi fabore handia egin zien. Joachim Hans Wendelek, indultuak eta bonbardaketak lagun, oso lasai jarrai zezakeen gezurrak kontatzen.