Udal ordezkari eta teknikariek, herritarrekin batera, Ondarroako kaleak bisitatu dituzte, auzoak hobeto ezagutu eta bertako arazoak gertutik ikusteko. Lehenengo aldia da gisa honetako egitasmo bat martxan jartzen dutena, eta herritarren artean izan duen harrerarekin pozik azaldu da Ondarroako Udala. 200 herritar inguru aritu dira herriko kaleetan dauden arazoak identifikatzen. Udal arduradunek ekarpen eta kexa ugari jaso dituzte.
Orain, udalari dagokio herritarrek esandakoari erantzuna ematea. Horretarako, konpontzeko modukoak diren arazoei irtenbidea ematen saiatuko direla adierazi dute. Ondarroako Udal berriak agintea hartu zuenetik garrantzi berezia eman dio herritarren parte hartzeari, eta parte hartze politikak sustatzeko egindako ahaleginaren zati bat baino ez da Kale Ibilaldi deitu dituzten horiei dagokiena.
Herritarrek udaleko kontuez zeresana dutela eta, aurrekontuak zehaztu orduko auzo batzarrak egin zituzten auzoetan zeuden premien berri izateko asmoz. Bertan, auzo bakoitzeko ordezkariak izendatu, eta, horiek, aurrekontuei begira, lehentasunak definitzeko ardura izan dute. Aurrekontuak onartu ostean, hasitako bideari jarraipena emateko Kale Ibilaldiak antolatu dituzte. “Uste dugu mo du egokia dela herritarrekin kontaktua mantentzeko, eta, gainera, aukera eskaintzen du udal teknikari eta zinegotziek arazoak lekuan bertan aztertzeko”, esan du Ondarroako Hirigintza zinegotzi Iera Larrinagak.
Auzo bakoitzak bere kezka eta gabeziak ditu, eta horien berri eman dute auzoko bizilagunek egin diren ibilaldiotan. Hala ere, bada denek duten arazo edo kezka bat: auzo guztietan zabor edukiontzien inguruan arduratuta agertu dira bizilagunak. “Inork ez ditu edukiontziak etxetik gertu nahi, baina ezta urrutiegi ere”, dio Larrinagak. Gai horri dagokionez, Ondarroako Udalak uste du berba egin behar delaedukiontzien kokapenaren inguruan baino gehiago edukiontzien ereduaren inguruan.
Kale Ibilaldietan agertutako kezken inguruan galdetuta, ibilaldi eta auzo batzarretan jasotakoak ez direla proiektu handiak izaten erantzun du Hirigintza zinegotziak, eta gehienak berak zuzentzen duen arloari lotutako gauza txikiak izan ohi dira.
Aurrerantzean ere, gisa honetako politikak lantzen jarraituko dute. “Aurrekontuen gaia lantzeko prozesu bat eratu dugu, eta aurrerantzean ere herritarrekin harremanetan jarraitzeko ahalegina egingo dugu”. Hala ere, ez dela ziklo itxi bat izango baieztatu du Larrinagak. Izan ere, zabalik daude lan egiteko beste proposamen batzuetara, betiere, parte hartzean oinarrituta badaude. Horren adibide dira, auzoetan arazo konkretuak izan direnean egindako batzar monografikoak edota obra bat abian jartzen duten aldiro egindako argibide batzarrak.
Igorren, bestalde, parte hartzeari buruzko hausnarketa prozesua jarriko du martxan udalak. Udazken bitartean, lau saiotan, gogoeta egingo dute: parte hartzea zer den, non eta nola egin behar den, zeinek parte hartu behar duen eta zertarako den.